Arrazoi ezberdinengatik, lanbide edo zeregin batzuk jendearen ahotan egon ohi dira, eta egia esanda, askotan modu negatiboan: politikoak, banketxeetako langileak, aire-kontrolatzaileak... Irakasleok ere ez gara libratzen.
Askotan pentsatzen dut bizi garen garai honetan oso erraz zeharkatzen dugula muga bat, iritzia ematetik epaiak egitera hain zuzen ere.
Egoera hau Hezkuntzaren munduan maiz bizi izaten dugu. Bat-batean jende asko bihurtu da hezkuntzan aditu, eta berdin da PISA ebaluazioa, eskola-jazarpena, ordutegi trinkoa edo etxerako lanak. Jendeak bere epaiketa egina dauka. Denek dakite, irakasleok baino hobeto, zer egiten dugun gaizki, nola egin beharko genukeen gure lana, zer egiten dugun patio orduetan eta nola prestatzen ditugun klaseak. Lanerako motibatuta gauden ala ez eta, deigarriena, zerk bultzatzen gaituen irakaskuntzari buruzko planteamendu bat edo beste izatera. Sare sozialetan pixka bat irakurri besterik ez da egin behar honetaz ohartzeko.
Nik ez dakit beste esparru batzuetako profesionalek inpresio hau bera izango ote duten beraien lanaren inguruan. Ez dakit epai egiteko zaletasun hau gure garaiaren ezaugarria den, eta ez dakit gizarte mailan ardura eta informazio gehiago ditugun edo aspertuago gauden, edo ausartagoak garen, nahiz eta batzuetan asko ez jakin… Soziologoek badute zer ikertu.