Aste batzuk intentsoak izaten dira. Eguneroko gertakariei ez ohiko gertaerak gehitzen zaizkienean, ez dugu denborarik izaten behar bezala hausnartzeko eta geure buruan ordena jartzeko. Gauzak oso azkar gertatzen dira, eta ahaztu ere egiten ditugu azkar, beste gai batzuk eskatzen dutelako gure arreta.
Pasa den astea horietako aste intentso bat izan zen. Protagonista ugari izan zituen: Rita Barberá, Fidel Castro, genero-indarkeria dela eta hil egin dituzten emakume guztiak eta gaur egun indarkeria sufritzen jarraitzen dutenak... eta herri bat: Altsasu.
Larunbatean milaka lagun elkartu ginen Altsasun, isiltasuna nagusi, bakarrik txaloek apurtuta. Altsasutarren aurpegietan tristura, nekea, ulertezintasuna, hainbatetan beldurra. Gazteen senideak manifestazioaren hasieran, duintasunez, barnetik hautsita. Handik eta hemendik “eskerrik asko” entzuten zen, “eskerrik asko gurekin egoteagatik”.
Manifestazioa bukatutakoan, gazteetako baten senide bat nire ondoan zegoen ordezkari politiko bati hurbildu eta hauxe esan zion: “Gutaz ez ahaztu, mesedez, ez utzi bakarrik”.
Mikrofonorik gabe esandako hitzak, ahopean. Munduko dikurtsorik onenak baino hobeto adierazten dutenak Altsasuko gazteen familien sufrimendua, herri baten sufrimendua.