Ikastolako nire gela Bardeei begira dago. Gehienetan, higadurak sortutako paisaia horrek pakea ematen digu, baina orain dela aste batzuetako goiz batean, gerra hasia zela zidurien: zeru urdina bonbaz bete zen, gure gelan gertu-gertutik entzuten eta sentitzen ziren bonbak. Espainako ejerzitoa, urtero bezala, Ekaitza izeneko jarduera militarrak egiten ari zen, benetako sua erabiliz.
Bardeetako Poligonoaren kontra gaudenok hamaika argudio ditugu gure iritziaren zergatia azaltzeko. Horien artean, nire ustez inportanteenak segurtasun arrazoiak dira. Baina Poligonoaren gakoa arrazoi ekonomikoetan oinarritzen da: 2008. urtean Bardeetako Komunitateak eta Espainako Defentsa Ministerioak gaur egun indarrean dagoen kontratua sinatu zuten, 2028. urtera arte. 2018. urtean hitzarmenaren baldintza ekonomikoak berrikusiko dituzte.
Orain arte, kongozanteek urtero ia 200.000 euro jasotzen dituzte. Udaletxe batzuetarako diru asko suposatzen dela argudiatzen da, eta egia da, eta Poligonoa desagertuko balitz, herri hauen egoera aztertu beharko litzateke.
Baina beste modu batean irakur ditzagun zenbakiak: Cabanillaseko udalak, txikienak, biztanleko 136 euro jasotzen ditu urtero. Tuterakoak, handienak, 5’56 euro. Horixe da gure segurtasun ezaren prezioa. Diru horren truke entzuten ditugu ejerzitoaren bonbak gure etxetik.