NON GUSTATUKO LITZAIZUKE ZAHARTZEA… ETA ZERGATIK?

Erabiltzailearen aurpegia Andrea Corera 2026ko maiatzaren 14a

Urte luzez, pertsona askok herriak utzi zituzten hirietan etorkizun hobe baten bila. Baina gaur egun, agian landa eremuak berak gordetzen ditu zentzuz bizitzeko -eta zahartzeko- gako batzuk. Egia da landa eremuan gabeziak badaudela: zerbitzu gutxiago, distantzia handiagoak eta askotan ahultasun handiagoa. Baina bada zerbait gero eta zailagoa dena aurkitzea: harreman hurbilak, bakardade gutxiago, partekatutako denbora, naturarekiko lotura eta komunitate baten parte sentitzeko aukera. Zahartzeari buruzko ikerketek diote hobeto bizitzeko garrantzitsua dela eguneroko bizitzari zentzua aurkitzea, lagunduta sentitzea eta norbere ingurunearekin lotura izatea. Eta hori guztia, herri askotan, oraindik bizirik dago. Adineko pertsona askorentzat, ondo bizitzeak ez du esan nahi dena eskura izatea. Askotan, askoz gauza sinpleagoa da: etxean jarraitu ahal izatea, auzokoak agurtzea, norberaren ohiturei eustea eta erabakitzeko askatasuna mantentzea. Horregatik, landa eremuaz hitz egitea ez da iraganari nostalgiaz begiratzea. Etorkizunaz hitz egitea ere bada. Zer den benetako ongizatea galdetzea. Eta nolako zahartzaroa nahi dugun pentsatzea. Agian herriek ez dute memoria bakarrik gordetzen. Agian, zahartzaro gizatiarrago baten gakoak ere gordetzen dituzte: lasaiagoa, hurbilagoa eta zentzu handiagokoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!