Txikitan, su artifizialak ikustetik bueltan, gauaren ilunean barraskiloak nahi gabe zapaltzen ibiltzen ginen etxera bidean, kriski kraska. Baratzeetako bidea deitzen genion guk, baina auskalo nola zuen izena, edo ba ote zuen ere. Suetarako amak prestatutako urdaiazpiko tortila generaman eztarrian, eta petrikor usaina airean bukatzen zen sanferminetako egunetako bakoitza. Gero gauzak betiko moduan izateari utzi zioten, eraiki zuten Arrotxapea berria, mozkortu ginen lehen aldiz, egin genuen larrutan, eta harrapatu gintuen udako eguzki epelak etxera ezin iritsita. Aldatu ginen eta aldatu gara, eta, ongi bidean, aldatuko gara, baina beti dago ihesbide bat iraganeko une batzuetara garamatzana. Orain, zure buruari galdetzen diozu ez ote den aurrerakoi batentzat kontserbadoreegia gauza batzuk betiko moduan jarraitu dezaten nahi izatea. Edo ez ote den absurdua aurten tonbola Sarasaten ez dela egongo jakin eta, hura gabe, sanferminen hurbiltzea beti-beti bezalakoa ez dela izango pentsatzea.