Urbasako leize batean orain dela 4.000 urteko bisonte bat agertu dela entzun, eta poza eta liluraren atzetik, halako harrotasun printza bat ere piztu zaizu barrenean. Egundoko albisteak ematen dabil Nafarroako historia azkenaldian, eta gertakari historikoak ustez objektiboak eta toki bateko fauna gauza neutro samarra dela badakizun arren, ezin duzu ebitatu piztia ehizatu nahian zebilen gizaki haren eta zure artean nolabaiteko lotura bilatzea. Bai, ados, irrigarria litzateke ehiztari hori euskalduntzat hartzea, are absurdoago gaur gure naziotzat dugun horren partaidetzat jotzea. Eta halere, jolasean hasi zara, zerbaitek esaten dizulako UPNkoak, demagun, gutxiago pozten direla halako albisteen berri dugunean, bai noski hizkuntza tartean denean, baina baita ere edozei gizaki arrastoz ari garela ere. Problematikoa zaie historian atzera egitea, hemen, zibilizazioa iritsi aurretik, herri bat zela onartzea dakarrelako. Eta gaurko euskaldunekin lotzea atrebentzia izan daiteke, baina espainolekin lotzea, zuzenean ezinezko.
Horregatik nahi gaituzte leize barruan, bihotz artean gezi punta bat, inork sekula aurkituko ez gaituen esperantzaz.