Bada dioenik ez dagoela ezer azaroko astearte bat baino tristeagorik. Aurtengo lehena, behintzat, joan zaigu jada, eta hemen darraigu, gure tristura eta min guztia, baina bizirik. Bitartean, badoa negua hurbiltzen, Gazako oihartzunak ahultzen, eta bizitza muga gabe garestitzen. Ospitaletako itxaron zerrendak puztuta daude, supermerkatua turroiez beteta ikusteak bajoi galanta eman dizu eta liburu-dendetan, modan jarri dira lagun harremanen hausturei buruzko liburuak, dolu berri bat izendatu bagenu bezala oraindik esploratu gabeko minen katalogoan. Ez larritu beraz, entzule, triste bazaude, inguruak ez du eta gehiegi laguntzen. Orain behintzat kontestu bat duzu, orain ez zaitu eguraldiak traizionatzen, udarako dira itxurakeriak. Baina orduan ere izango da sistema oso bat erasotzen, astearte bat astearte bat baita azken finean, azaroan bezala ekainean ere.
Edo, bestela esanda, ez zara zu, kapitalismoa da, eta hark dakarren normatibitate basatia.