Goitik behera hartzen dit gorputza amorru bizi batek, asanblea, hitzaldi edo dena delako baten hasieran, norbaitek, 'lo vamos a hacer en castellano, para que todo el mundo lo entienda' esaten duen aldiro. Batez ere, hor gauden 40 kideetatik, demagun, 30, are 35, euskaldunak garenean. Ekuazioa sinplea da: gutxi batzuk diskriminatu nahi ez izatearen ustean, euskaraz bizitzeko hautua egin duen beste hainbeste diskriminatzen da.
Egoera ezaguna da hori gurean, eta zaharretik dator eztabaida bera. Aurrerantzean ere luzatu daiteke ezbaia. Bitartean, euskarak hazkunde mugatua du, bistan da. Hortaz, suzidio linguistikoa litzateke espazio bateko kide guztiak euskaldun izan arte itxarotea, espazio horretako funtzionamendua euskarazkoa izan dadin.
Kontua ez da euskaraz ez dakiten horiek ulertu gabe uztea (itzulpen zerbitzua eskaini eta erraztasunak eman beharko dira), kontua euskara zokoan ez uztea da, pertsona guztiak euskaldunak diren espazio zoritxarrez hain urri horietara mugatuta.