Leiho batetik begira ari dira Arnegin bi auzokide, erreka bazter batean bata, bestean bestea. Zubia dute tartean, eta muga bat, batez ere muga bat. Espainiar naziotasuna du alde batekoak, frantziarra besteak. Madrilera begira jarri dute bata administrazioak eta telebistak, Parisera begira bestea, ehunka kilometrora biak ala biak. Elkarren artean, hamabost bat metro, hogei gehienera.
Muga bat mapa batean marra gorri bat bada, pixka bat ezabatu dute marra hori Luzaideko eta Arnegiko herritarrek. Eskola bateratua sortu dute, bi herrietako eskola txikien ezintasunei aurre eginez, eta batez ere, arrotza zena natural bihurtuz. Gazteleraz eta frantsesez egingo dute, baina baita euskaraz ere: zubi bat dago Arnegin alde batetik bestera.
Ez du titular handirik ekarriko, baina gehiago egingo du keinu horrek nazio baten eraikuntzaren alde, zenbait estrategia antzuk baino, balio badu behintzat parean bizi denari espainol ez deitzeko, denda berean erosten duenari frantses ez esateko. Balio badu behintzat, luzera, iruindar petoak kotxea hartu eta Donibane Garazira joandakoan, a pasar el día a Francia berriro ez esateko, eskrupulurik gabe, zalantzarik gabe, Garaziko leihoek, nafar kate tailatu eta guzti, aurpegira tu egiten dioten bitartean.