Jokoa

Erabiltzailearen aurpegia Ander Perez 2017ko mar. 7a, 12:10

Harri jasotzaile astakilo motz indartsu eta tripaundiak gara, munduaren puska honetan jaio ginenetik. Abereek bakarrik uler dezaketen mintzo xelebrean aritzen gara, argibideak ematen dizkiogu elkarri muinotik muinora, irrintzi hutsez, eta jan ditzakegu, mahaitik altxa gabe, zerbitzatu beste plater. Erdi garrasika solasten gara, esanak eta eginak mugaraino exageratuz, eta Patxi dugu izena gizon guztiok. Iñaki bestela. Estereotipoen fruitu gara. Hala eraiki gaituzte, eta hala esportatu, gure mugetan gaindi.

Egitan, denok egiten dugu hori. Topikotara mugatzen ditugu gutarrak ez direnak, topikoekin deskriba, eta topikoen kontura barrez lehertu. Egin dugun bezala egin digute guri, espainiar zinemaren azken arrakastak adibide, eta orduan, orduan esan digute sanoa dela, mesede eginen digula gure buruaz barre egiteak. Umore hutsa dela, eta kentzeko pisua.

Umorea, egia da, ez da neutroa izaten. Eta ikuspegi sinplista da, definizioz, estereotipoetan oinarritua den ikuspegia. Izan liteke alde hortatik graziosoagoa, edo gutxiago. Eta izan liteke, era berean, eztabaidagarri. Zuk egin eta defendatzen duzuna zuri egitean kriminalizatu eta egurtzeak, ordea, gutxi du umoreari egindako kritikatik, eta asko eztabaida politiko interesatutik. Zelai batetik bestera aldatu dute jokoa, eta arauak jarri. Ohartzerako gaude haien jokoan sartuta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!