Ilunpetan

Erabiltzailearen aurpegia Ander Perez 2017ko ots. 21a, 12:10

ETAko militantea zen Mikel Castillo, 1990ko irailaren 18an hil zutenean. Zerraldo erori zen Iruñeko Carmen kaleko muturrean, Jarana peñako txarangak urtero, sanferminen akaberan, requiema jotzen dion tokian. Rafael Navarro Vacas poliziak hil zuen Mikel Castillo, atzetik, etakidea ihesean, eta armarik gabe, zihoanean. 27 urte joan dira ordutik.

Biktima izateko eskubidea kendu diote, beste batzuen artean, Mikel Castillori. ETAko kide izateak ebatsi dio eskubide hori, nonbait. PP-k eta UPNk salatu dute Nafarroako Gobernuak eskuin muturraren eta poliziaren biktimei egindako omenaldian etakideen senideak izan zirela. Gobernuak, eta hura babesten duten alderdiek, goitik behera ukatu dute hori. Galdera da: eta egon izan balitz? Inork ez du babestu ETAko batek, ETAkoa izanagatik ere, biktima izan eta omenaldi horretan egon ahal zenik.

Jakina da norberak bere hildakoak oroitzen dituela. Hala izango da luzaroan, igual beti. Bitartean, izan denaren kontakizuna egiten jarraitu beharko da, eta ez du horretan laguntzen puzzlearen pieza batzuk kanpoan uzteak. Oraingoan, azkenean, argia jarri zaio urteetan isildutako errealitateari, eta bada txalotzekoa. Baina ez da aski hainbat eta hainbat argitzea, beste horrenbeste min ilunpetan geratzen bada.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!