2003ko otsailaren 25a, Guadalajara. Espainia. Bildu dira 7.000 pertsona kartzelako atarian. Autobusetan iritsiak dira asko, militanteak, partiduzaleak. Libertad, libertad, libertad, amorrutik ari dira oihuka. Guardia zibilak irribarrez eta adeitsu, kartzelera sartzera doazenekin. Eta besarkada bana, Gonzalez jaunak, preso sartuko direnei. Itzalera doaz Vera eta Barrionuevo.
2009. Idazle bihurtu omen nahi du lehenago Estatuko segurtasun idazkaria izandakoak. Eta idatzi du liburua, El hijo de cain, eta argitaratu, Intxaurrondon lanean dabilen guardia zibil baten bizi fikzionatua.
2016. Telesaila ekoiztu eta gidoi gisara baliatu du Telecincok Veraren liburua, ETAren aurkako borroka kontatzeko. Aldeko mezuak ez dakit, baina kritikak pilatu dira sare sozialetan. GAL akats legala bai baina praktikoki onuragarria izan zela esan zuenarena da historiaren bertsioa. Libertad, libertad, libertad, Guadalajaratik dator oihartzuna. Hutsik da behin bete zen ziega.
Asaldatzea: borreroarena da kontakizuna. Eta zalantza: ez al da beti hala izan? Rafael Vera, 17 urteko kartzela zigorra, bi eta erdi beteta. Galindo, 71 urteko zigorra, lau terdi barruan. Barrionuevo: hamar urte, eta hiru hilabete baino ez itzalpean. Amedo, 117 urte. 12 barruan. Ez galdetu norena den historia. Ez dago telesailen beharrik.