Historia zati bat joan da Fidel Castrorekin batera. Egingo dira orain analisi politiko, ekonomiko eta dena delakoak, baina ezinbestean agertuko da haren izena ere, aurrerantzean, historia liburu gehienetan. Nekez esplikatu ahalko da XX.mendea, hura aipatu eta azaldu gabe. Eta absolbituko du historiak, noizbait epaitu bazuen.
Ez dira asko izango bere pareko mitoak, eta bere iraupenekoak. Zeren eta, izan dezake gaurko semeak aitarena izandako aitonarena izandako Fidelen posterra, eta izan liteke hura hiru belaunaldientzat idolo eta erreferentea. Ikusteke dago laugarrenarena ere izango ote den.
Aste beretsuetan suertatu dira Fidel Castroren heriotza eta Joseba Sarrionandiaren agerpen publikoa, Karibeko irlatxo maite berean. Mitoa hil eta pertsona jaio da Sarrionandiaren kasuan, eta pertsona hil denean are biderkatuko da Castroren mitoa. Eta halere, bietan dago epika era baten amaiera. XX. mendeko utopiak elikatu ditu epika horrek, eta jardun du berme gisara, milaka pertsonen engaiamendurako. Baina desagertzen doa, eta kostatzen zaie irudi eta erreferente berriei burua azaleratzea. Beharko luke uneak gogoeta arrazoi mundu osoko ezkerrarentzat, ez badu nahi etorkizunean iraganetik bakarrik bizi.