2003ko urtarrilean, Colin Powell AEBetako estatu idazkaria Irakeko inbasioa iragartzeko prentsaurrekoa eman behar zuen egunean, oihal urdin handi batek estalita agertu zen NBEn egoitzan dagoen Gernika koadroaren erreplika. New Yorkeko egoitzako iturriek azaldu zutenez, kameren irudientzako fondo neutral bat paratzea zen asmoa. Baina eginak ziren aurretik prentsaurrekoak han bertan, Gernika atzean zela, eta arazorik gabe. Erabakiak, beraz, zerikusi gehiago zuen koadro haren edukiarekin, beste ezerekin baino. Gernika aurrean gerra aldarrikatzea ez zen, nonbait, batere bidezkoa. 70 urteren ostean, lehen egunean bezain indartsua zen Picassok jasotako eszena horren oihartzuna.
Gernikako garaiak ahaztu behar direla esaten du gurean batek baino gehiagok, eta ezaguna zaigu erretolika. Ez dagoela zertan hain aspaldiko gauzari bueltak eta bueltak eman, eta komeni dela aurrera begiratzea, atzera baino. Eta halere, atera dira asteburuan milaka lagun kalera, orain dela 80 urteko kontuak medio, justizia eskean. Aurrera begiratzea baitago, noski, baina atzeko zauriak itxi badira. Bitartean, bestela, atzokoa bezain gaurkoa da urradura. Atera dituzte Sanjurjo eta Mola, eta bada pausu bat. Baina justizia aldarrian ari dira oraindik gure bazterretako kunetak, justizia aldarrian zerura garrasi egiten dion Gernikako andrea nola. Eta ez dago oihal urdinez estaltzerik.