Askok ez zuen oraindik gosariko kafesnea irentsiko, eta hasiak dira honezkero Calaiseko kanpalekua husten. Gaur, ongi bidean, 60 autobus irtengo dira handik, 50 errefuxiatu bakoitzean. 3.000 pertsona handik kanporatua, Frantziako hamarnaka puntu ezberdinetara.
Frantziako eskuin muturra hustuketaren aurka azaldu da. Ez noski errefuxiatuen asilo eskubidea defendatzen dutelako, baizik eta ez dituztelako errefuxiatu horiek beste hainbat tokitan hartu nahi. Aukeran, hobe denak leku bakarrean bilduta, hamarnaka herri ezberdinetan baino. Kartel bat atera dute jarrera azaltzeko: Frantziako mapa bat, eta hainbat puntu han barreiatuta. Hiri guztiek dute izen bera: Calais.
Badago paradoxa bat. Zeren, kendu alde xenofobo eta arrazista guztia, kendu elkartasun eza, eta bada egia bat mapa horren baitan. Frantzia osoa da Calais bat, are, Europa osoa da Calais. Eta hartu ditzakete milaka errefuxiatu batzuk leku batetik eta beste hogei zentrotan atxiki, eta iritsiko dira gehiago halere. Bata bestearen atzean datoz partxeak, eta bai, balio dute, Calaisekoa pasa eta burua jiratuko duelako agenda informatiboak, eta errefuxiatuak ahaztu. Bitartean, blokeatuta jarraitzen dute konponbide iraunkorrek. Eta egoera paradoxiko horretan, izan zaitezke babes hiria, eta nor babestu ez.