“Ala Philippe!!”

Erabiltzailearen aurpegia Alberto Barandiaran 2019ko api. 10a, 12:32

Ikutzeko tubularra, esan zigun aitak. Gurpil baten goma besterik ez zen, gurpil itxuraz interesik gabekoetan txirrindulari profesionalek eramaten dituzten goma estu eta fina, baina “ikutzeko”, tematu zen. Neurtzeko bi behatzen artean, gogoratuko nintzela beti. Uste dut txirrindularia bera harritu egin zela pixka bat. Baina aitak, Espainiako itzuli haren etapa bukaeran, sentiarazi nahi zidan berak aitonarekin bizitakoa: bakarrik irratian entzuten zituen balentria handi horien protagonista baten ondoan egoteak sortutako sentipena. Pentsatzen dut beste batzuentzat kilikiei musu ematea edo buruhandien gona azpian sartzea bezala izango dela. Ez dut gogoan txirrindulariaren izena, baina atzokoa balitz bezala sentitzen dut aitaren interesaren intentsitatea. Atzo, Gorraizko helmuga baino lehentxeagoko lurbide tarte batean, berarekin gogoratu nintzen, “Ala Philippe!!” oihukatzen genuen bitartean. Frantsesak irabazi zuen Itzuliaren bigarren etapa. Egia esanda, ez dakit tubularrak eramaten dituzten gaur egun ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!