Carlos Hernandez kazetari espainiarrak atera berri duen ikerketa liburuan esplikatzen duenez, Euskal Herrian hamar kontzentrazio eremu antolatu zituzten agintari frankistek 1937tik 1947ra bitarte, horietarik hiru Nafarroan. Tafallan, lehengo Akademia militarrean, 1939an, mila preso inguru aterpetu zituzten. Lizarra ondoan, Iratxeko Monasterioan eta Ega ibaiaren ertzeko lantegi abandonatu batean, 1937tik 1939ra, beste mila preso inguru gorde zituzten. Iruñean, zezen plazan, 1939ko otsailetik maiatzera bitarte, hiru mila bat lagun atzeman zituzten. Denera, bost mila lagun inguru kontzentrazio eremuetan, atari zabaleko espetxeetan preso, arrazoi ideologiko hutsengatik. Gure historia hurbilak oraindik gordetzen dituen ezezagutza putzuak beltzak bezain zabalak dira. Desinformazio eta desideologizaziorako prozesu antolatuak gure gizartean izan duen eragin itzela ez da esplikazio erraz batean kabitzen.