“Akerrak adarrak okerrak ditu/ Adarra okerrak akerrak ditu” aho-korapiloarekin gogoratu naiz apalategian Mikel Azurmendiren “Nombrar, embrujar” liburua hartu dudanean. Egonean nengoen leihotik begira, pareko etxeko teilatutik urtzen ari zen elur bustiari begira, eta liburua ia aparizio bat bezala ageri zait gainerakoen artean. Oker ez ba nengoen, han bazen akerren inguruko dibagazio eruditu interesgarri bat, aspaldian irakurria, eta gogoak ez dit hutsik egin: irakurtzekoa da Azurmendik akelarre hitzaren etimologiaz ematen duen azalpena. Kontuak ez luke arratsalde prokrastinazale baten anekdotatik harago garrantzirik batere, ez balitz irakurketaren garrantziaz hausnarrean ibili naizela gaur, Nafarroako ikastetxeendako liburutegi digitala aurkeztu duten egun berean: irakurtzen ikasteko ahalegin kontuan hartzekoa da Odisea, apalategi birtual zein errealerako bidea ahantz ez dakigun eta orrien arteko altxor idatziek ustekabeak sortzen jarrai dezaten.