Atzo telebistan ikusi nuen nola herritar arruntek harro harro aipatzen zuten sakelakoaz egiten duten erabilera demasekoa: gazte batek aitortu zuen 13 ordu inguru aritzen zela segapotoari begira asteburuetan, eta neska alai eta atsegin batek lotsarik eta damurik gabe baieztatu zuen, hautatu behar izatekotan, telefonoa aukeratuko zuela mutil laguna baino lehenago. Espantatzeko gaitasuna galdu dugula uste dut, eta barre egin nuen. Baina burura etorri zitzaidan behin baino gehiagotan hausnarrean ibili dudan galdera: nabarmena da pantailatik kanpoko ekintza pausatuen gainbehera, batez ere gazteen artean. Irakurri, esaterako. Ez naiz ni izango iragarpen apokaliptikoak egingo dituena —ez dugu ahaztu behar irakurketa, berez, oso ekintza minoritarioa izan dela, oro har, gure gizarteetan duela ez hainbeste arte—, baina gustura zabalduko nuke kristalezko bola ikusteko nora garamatzan joera honek, antzemateko zer nolako ekintzaile, pentsalari, asmatzaile izango diren txinparta bat-batekoaren munduan jaio eta hezi diren belaunaldi gaztekoak. Seguru nago harrituko gaituztela.