Penitentziabidea

Erabiltzailearen aurpegia Alberto Barandiaran 2018ko abe. 19a, 12:56

Zin dagizuet dena prest neukala estatu kolpea emateko. Hasteko, tokia: nire etxea eskaini nien, amari lana erraztuko geniokeelakoan horrela. Gero, menua: ez zuela merezi bakoitza plater batez arduratzea; nik egingo nituela entsalada batzuk, ekartzeko pikatzekoak, eta labean zerbait sartuta, listo. Gero, eguna: Olentzeroarena elkarrekin ospatuta aukera zegoela Erregeez ahazteko (egia esanda, nik “erregeak fusilatzea” proposatu nuen hitzez hitz, baina uste dut ez zutela ironia ulertu). Total: biharamunean denak pozik norbere etxera. Kontua zen kontrarioa despistatzea, urtzen joateko koinatuez betetako megaafariaren ospakizuna, esperantzarekin halako batean ohiturak apurtzen hasiko ginela, “nik aurten ezin dut”, “nik buruko mina daukat”, badakizue, eta horrela tradizioari traizioa egiteko. Bai zera: azkar asko ulertu zuten amarrua, eta ohi legez denok elkartuko gara 24an: sarrerakoak, kardoa, txipiroiak, bildotsa, gaztak eta mazapanak. Gaur amak baieztatu dit erosi duela konpota egiteko guztia. Ez dago ihesbiderik: penitentzia hastera goaz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!