Hiritik atera behar nuela eta, autoa hartu nuen joan den larunbatean, aspaldiko partez. Eseri eta berehala, ohiko emisorarekin sintonizatu nuen irratia. Hiritik poliki atera, autopista hartu eta, Zuasti aldean edo, betiko frekuentzia galdu eta gizon bat erdaraz hasi zitzaidan emisoratik, tonu lasai eta ia telurikoan. Atzean, urrun, alemanez ari zen beste norbait. Gaztelaniaz ari zenak alemanaren jarduna itzultzen zuen, ulertu nuenez. Landareen sentimenduez ari zen esataria, jende askoren aurrean ariko balitz bezala: jendez betetako auditorium isil eta entregatu baten aurrean edo. Frogatuta omen dagoela, zioen, landareek sentitzen dutela. Gai direla ikusi, entzun, are elkarrekin komunikatzeko ere. Iluntzen ari zuen, ur tantak erortzen ziren kristalean, aurreko kotxeen argi gorriak gero eta lausoagoak ziren, baina ahots urrun goxoak ez ninduen uzten. Irratia identifikatzeko panelean bi emisora tartekatzen ziren: Onda cósmica eta Radio tráfico. Halako batean, seinalea galdu eta betiko esatari ezaguna itzuli zen nire irratira. Akabo. Normalitate erabatekoa berriro: autopista, autoak, euria. Baina ezin dut burutik kendu erdara ia menonitan esatariak airean utzi zuen azken esaldia, desagertu baino lehenago: “Izaki ikusezinak existitzen dira benetan?”.