Ortziralean ohatzera sartu nintzenean, biharamuneko ahalduntze bertso eskolako gaiak nituen buruan. Nola kantatuko zuen batak, bertzearen gaia ez ote zen zabalegia… Pertsiana beheraino jaitsi eta loak hartu ninduen. Ez denbora aunitzerako ordea.
Goizeko hiruak inguruan aditu nuen lehenengo trumoia eta lehen ekaitza. Eta etengabea izan zen euri jasa. Trumoien soinuak ikaratuta, haizeak leihoa irekia ote zuen pentsatu nuen une batean, bertzela ezinezkoa baitzen hainbertze aditzea. Argia piztu nuen, baina leihoa ongi itxia zen. Goizeko laurak ziren orduan.
Pare bat ordu egin nituen lo, lagun baten mezuak ernatu ninduen arte. “Ainhoa non duzue autoa? Herria urak hartua da”. Korrika egin nuen sukaldera, leihotik begiratu eta lasaitua hartu nuen, bertan zegoen autoa. Mendi aldera ematen du leihoak, eta iluntasunak ez zidan utzi gehiago ikusten, baina ziur aski ordurako urez betea izanen zen gure karrika ere.
Goizean goiz ernatu, eta mugikorrari kasu haundirik egin gabe joan nintzen lanera. Autoa bezperan utzitako lekuan zen, eta karrika lokatzez zikindua bazen ere, luizi ttikiren baten ondorio izanen zela uste nuen.
Lanera iritsi nintzenean hartu nuen sorpresa, mugikorra hartu eta argazkiak bata bertzearen gibelean: autoak herriko plazan flotatzen, lagunaren bulegoa urez betea, urak 300 metro eramandako autoa, hainbertze ordu pasa ditugun elkartea lokatzez betea, eskolako haurren parkea lokatzez betea… Negar egiteko gogoa.
Baina horrekin batera jaso nituen bertze irudi batzuk ere: kuadrillakoak lagunaren bulegoa garbitzen elkarrekin, herritarrak kaltetutako bizilagunak laguntzen, eskolako gurasok auzolanean patioa garbitzen, elkarteko dozenaka bazkide dena antolatzen…
Kostako da herriak lehengo itxura hartzea, baina, argi dago denen artean lan eginda errazago lortuko dugula. Auzolanak iraun beza.