Astelehenean, bertze anitzetan bezala lana bukatu ondotik mendi alderako bidea hartu nuen. Mendiz inguratua dago Bera, baina bada bertze guztien gainetik joateko gustuko dudan paraje bat: Ibardindik gora igo eta Manttale ingurua. Bertara joan, haize fresko pixka bat hartu, itsasoa ikusi, hankak luzatu… Plan ona dirudi ezta?
Mendian bidea egiten ari nintzenean, ordea, bertze zerbait zen burutan nuena. Ezin nuen burutik kendu bezperan Gararen 7ka aldizkarian ikusi eta irakurritako artikulua. Ziur zuetakoren batek ere ikusi duela Gari Garaialde fotokazetariak sinaturiko pieza. Migratzaile batzuk Irundik Baionarako bidea mendiz nola egiten duten ageri da. Hain zuzen ere, ni oinez hainbertzetan ibiltzen naizen inguru berean. Eserita nengoen lekutik beretik ikusten nuen migatzaileen abiapuntu den Endarlatsako zubi zaharra.
Nola liteke niretzat hain lasaigarria den ingurua bertze batentzat iheserako bidea izatea? Zergatik gurutzatu behar dute migratzaileek muga deitzen dioten horri mendiz, eta ezkutuan? Zergatik daude Jendarmeak gau eta egun Santiagoko eta Behobiako zubian kontrol arrazista egiten?
Bigarren Mundu Gerrako pilotu britainiarrek, kontrabandistek, frankismotik ihesi zebiltzanek eta migratzaile portugaldarrek ibili dituzte bide hauek lehenago. Oraingoak izan bitez azkenak.