Pasa den astekoa da berria. Nafarroako lan eta osasun publikoko institutuak Nafarroan pandemia bukatu zela zioen asteazkenean. Berak Gipuzkoarekin muga egiten duela eta, txiste andana egin genituen herrian, birus guztiak Endarlatsako zubian egonen zirela erranez Nafarroan sartu ezinik. Txisteez harago, ez dakit zentzurik ba ote duen pandemia Nafarroan bukatu dela errateak pandemia kontzeptuak lurralde bat baino gehiagori erreferentzia egiten dionean, baina.
Atzoko da bertze albiste garrantzitsua. Nafarroako Gobernuak ia murrizketa denak kendu ditu, badirudi, beraz, lehengora itzuliko garela, 2020ko otsailean genuen bizitzara. Hainbatetan aipatu izan dugun ustezko normaltasunera. Pozgarria da albistea, ezta? Maskararekin, baina itzuli dira ekitaldi handiak, zutikako kontzertuak.
Bertze galdera bat dut, nik, ordea. Gogoz bai, baina prest ote gaude horretarako? Prest gaude berriz ere elkar ukitzeko? Diskoteka batean elkarren ondoan dantza egiteko? Elkarren izerdia usaintzeko kiroldegian? Antzokian ezezagun baten ondoan esertzeko?
Pandemiak isolatu egin gaitu, bakartu, ingurua mugatu digu, plaza deuseztatu du. Eta beldurra hezurretaraino sartu digu. Hasieran uste baino gehiago kosta behar zaigu beldurra gainetik kentzea.