Duela egun batzuk lagun batek mezua idatzi zidan: “Ez dakizu zer pasa zaidan, bart. Ametsetan maskara paratuta zuen jendea atera zait”. Irriz egon ginen, nola zen posible dagoeneko hain barneratuta izatea maskararen kontzeptua. Ez nion garrantzirik eman, harik eta egun batzuk beranduago mezu bera Twitteren ikusi nuen arte. Antza txioa idatzi zuen mutilak maskara jantzita zuen jendearekin egin zuen amets, nire lagunak bezala. Normalitate arraro honen ondorioak izanen dira, pentsatzen nuen. Izan ere begirada atzera paratuta, duela urtebete non nengoen pentsatzen ibili naiz egunotan. Galiziarako bidaia bat antolatzen nenbilen, bertan lagun baten urtebetetze berezia ospatzeko. Ongi oroitzen naiz otsailaren 29an Vigon, bestatik bueltan nola ibili ginen solasean koronabirusa pasatzen lehena izatea, berezia bezain arraroa zela. Eta hori erratearekin bat antolatu genuen udarako bidaia: Andaluziako, Galiziako, eta Holandako lagunekin zeharkaldia Italian barrena. Ez genuen behinola pentsatuko urtebete beranduago etxean egonen ginela, ondoko herrira mugitzeko zailtasunekin, eta maskara ahoan paratuta. Normalizatu ditugu duela urtebete zientzia fikzioa ziruditen irudiak, eta ametsetan ere sartu zaizkigu maskarak. Bilatu ditzagun ilusio berriak, horiek ere gure ametsetan sartu daitezen.