Nork entzuten du musika irakurri bitartean?

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Arano Urriza 2017ko mar. 23a, 16:37

Kutxa magikoa ireki dugu gaur eta abesti zerrenda bat topatu dugu: “Café, Libros”. Spotify musika aplikazioak proposatzen digun zerrenda. Zerrenda bitxia bitxienen artean. Egia da hala ere Spotify aplikazioak bizitzako une guztietarako proposatzen dizkigula musika zerrendak: astelehenetarako, ostirala iristen denerako, klasera bidea egiteko, ohetik jeikitzen garenerako, dutxan kantatzeko, lagunekin afaltzeko, erlaxatzeko…


Eta noski, tendentziak edo joerak ere sortzen ditu, adibidez: ostiral feministak! Biharko proposamena….. Klasiko bat! Dolly Parton handiaren ‘Jolene’ abestia!

 

 

Baina nork entzuten du musika irakurri bitartean? Tira saiatuko gara ahalegin bat egiten… itxi ditzagun begiak eta imaginatu… kanpoan euria, musika baxua, kafesne beroaren usaina, manta eta sofa goxoa eta, noski, eskuetan liburu bikaina...

Esperientzia ederra izan daiteke ezta? Gaur bost liburu eta bost abesti ekarri ditugu, elkarrentzat aproposak, gure entzule guztiak saiatu daitezen beraien etxeetan esperientzia honetaz gozatzen… irakurketa eta musika batera!

 

Sarrionandia (‘Kolosala izango da’) - David Bowie (‘No plan’)

 

Bi artista ezagun, berezi eta polemikoak, bakoitza bere erara. Baina irakurketaren goxoan bat egiten dutenak… Sarrionandia argazki baten atzean gordeta egon da urte luzean eta Bowie pertsonaia baten barruan.

 

Egingo dugu froga bat? Spoilerrak ekiditeko… sinopsia irakurri dezagun….

 

“Gerra hor dabil edonon oraindik, bizitzaren eta ederra eta samurra den guztiaren aldamenetik, baina laster helduko da zirkoa. Munduaren ordu agoniko hauetan etorriko da, eta kolosala izango da. Zirkoa Alemaniatik helduko da. Letrero handi honekin: Cirque Krone. Eta tren bagoi pilo batekin, elefanteekin, lehoiekin, tximinoekin, pailazoekin, ezpata irensleekin, emakume bizardunekin. Kalaportura iritsiko dira guztiak. Kolosala izango da”.

 

 

Sofi Oksanen (‘Purga)’ -  Maika Makovski (‘Canada)’

Sofi Oksanen idazle norbegiarraren ‘Purga’ eleberria benetan gomendagarria da. Ez da irakurtzeko erraza, pasadizo oso gogorrak ditu gainera, kostatzen da erritmoa hartzea. Baina barruak mugitzen dituen liburua da…. 2008an argitaratu zuten eta geroztik punta puntako literatur sari ugari jaso ditu, artean Europako eleberri onenaren saria, 2010ean. Bikote ezin hobea egiten du, berriki Baluarten izan den goi mailako artistarekin, Maika Makovski.

 

“Bidaiatu dezagun Estoniara. 1992. Urtebete eskas igaro da, Sobiertar Batasuna desegin zenetik. Aliide Truu zaharra mendian bizi da, bakarrik. Egun batean neska gazte bat agertuko da etxe ondoan, noraezean. Zarak 20 urte ditu, errusiarra da eta emakumeen trafiko sare baten eskuetatik ihes egin du. Beldurra, humiliazioa, bizirautea. Emakumeek, historiako testuinguru zehatzetan pairatzen duten kostua islatzen du eleberriak”.

 

 

Jon Mirande (‘Haur besoetakoa’) - Placebo (‘special needs’)

 

Euskal literaturaren klasiko bat, 1954an idatzia, Londreseko kaleetako rockero alternatibo batekin uztarturik… Denboraren eta itsasoaren mugak gainditu dituen mundu honetan dena da posible…

 

“Sutondoan, zitzailuan jarririk zegoen Theresa, eta garrek haren itzal lerdena dantza erazten zuten ormaren gainean. Irakurtzen ari zen, ahoa erdi-zabalik eta begiak liburutik hurbilegi, haur gazteek ohi dutenaz. Noizetik noizera, xinpart batek besteak baino biziago urrez erraustatzen zituen haren ile-xorta barneko ilun-nabarrean gorrizka agiri zirenak, eta noizetik noizera, gar luzeago batek haren aztal eztia mihazkatuz, aldera inguratzen zen hats-behera ito batekin.”

 

 

 

Isabel Allende (‘La isla bajo el mar’) - The civil wars (‘Billie Jean’)

 

Batetik, Isabel Allende Txileko idazle famatua. Haitin oinarritutako historio bat. Esklabuen historioa. Bestetik, Michel Jacksonen ‘Billie Jean’ kanta. The civil wars taldearen gitarra akustikoaren doinuan. Zer iruditzen?

“Nire 40 urteekin, nik, Zarité Sedellak, beste esklabo batzuk baino zorte handiagoa izan dut. Luze biziko nahiz eta nire zahartzaroa pozez betea izango da, nire izarrak, z’etoile, gau lainotsuetan ere dizdira egiten duelako. Lehendabiziko oroimen zoriontsua, gazte argal eta narras bat nintzelarik, tanborren doinuan dantzan dut. Eta hori da nire poztasun hurbilena ere, atzo gauean Congoko plan izan nintzelako dantzan, eta dantza, buruan pentsamendurik gabe. Gaur nire gorputza bero dago, eta nekatuta”.

 

 

Xabier Lete (‘Egunsentiaren esku izoztuak’) - Izaro (‘Zure ezpainen itsasoan’)

Liburu guztiak ez direlako eleberriak… saiakera eta, noski, poesia ere izan daitezke esperientzia musikatu honetako protagonistak… Lete zenaren poema ederrak, adibidez, ‘Neguan izan zen’. Euskarazko ahots goxo batek lagunduta, berriki lehen diska kaleratu duen Izaro gaztearena.

 

“Agortzen da uda / badoa itzulian jendea / azkenean betikoak dirau, / egunek eta argiek / soro hain isilek / eta lur lokartuak, / gauak, izarrek…”

 

 

Berriki zendu den Chuck Berry Rock&Rollaren izarrarekin itxiko dugu gaurkoz kutxa magikoa… datorren astean zer ekarriko zain!

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!