Mende berrian sartu ginenetik, behin eta berriz entzun dugu gizartea abiadura izugarrian ari dela eraldatzen, balore, ohitura eta bizimoduak aztoratu egin direla, teknologiaren eta informazioaren gizartera egokitzen ari direla hain zuzen.
Eta badira bi esparru, elkarrekiko harreman itzela dutenak, eredu berri horietara egokitu ezinik dabiltzanak: kazetaritza eta politika. Espainiako Kongresurako eta Senaturako burutu diren azken hausteskundeotan berretsi egin da Nafarroan ere, kultura politikoa aldatzen ari dela.
Gazteekiko afinitaterik ezak markatzen ditu indar politiko gehienak -eta ez, alderdi emergenteak ez dira salbuespena-. Oraingoz berritasunaren kortinaren babesean daude alderdi horiek, jaioberriaren xalotasun eta ilusioa alde dituztelarik. Hemendik denbora batera aztertu beharko da erakargarritasuna mantentzea lortzen duten, hain zuzen ere, jada azken hilebeteotan galtzen hasia zutena.
Betiere, orohar indar politikoen ahultasuna handituz doa zentzu horretan, ez dira gai belaunaldi berrien pentsamendu eta bizimodura hurbiltzeko, zaharkitutako molde eta mezuekin dabiltza. Gero eta argiago ari da gelditzen gizartearen ohitura politikoak aldatzen ari direla, ongi interpretatzen ez dugun kultura politiko berria garatzen ari dela eta botoak jada ez direla batenak edo bestearenak, baizik eta guztiz moldagarri eta pragmatikoak direla, testuinguruaren arabera mugitzen direnak, tendentzia "leial eta logikoetatik" haratago. Ondorioz, edukien definizioa, partehartzeren indarra eta komunikatzeko trebezia inoiz baino garrantzitsuagoak dira.
Jada ez dago herritar konbentziturik, eta gizarte eredu berri eta modernoetako ereduak nagusitu dira politikan ere: herritar independenteak, inolako menpekotasunik gabeak, prestatuak eta jakitunak, geldiezinak, kontsumista amorratuak, sozialki konprometituak, mugimenduari eta aldaketei beldurrik ez diotenak, ase ezinak eta oso zorrotzak. Askoren esanetan, desideologizatutako botoak omen dira, eta nik esanen nuke ideologiak ere eraldatzen ari direla, marko zaharretatik ateratzen, eta horrexegatik agian, eskuin-ezker marka gero eta arkaikoagoa da askorentzat. Orain bitartean ideologiak kontzeptu estatiko eta estankotzat ulertu ditugu hein handi batean, eta gero eta gehiago ideologiak ere likidotzen ari dira. Belaunaldi berriak ulertu nahi baditugu, adimena ireki eta zulo digitalak gizarte ereduan, bizimoduan eta ohitura politikoetan eragindako aldaketak barneratu beharko dira, zulo horretatik erori nahi ez baldin bada behintzat.
Asko ez dira ohartu, ordea, 2000. urteko muga pasatu genuenean, mende berri batean sartu ginela eta horrek eragina duela gizakiaren eboluzioan. Geroztik, dena aldatzen ari dela, gizartea eraberritzen ari dela. Areago, halako abiaduran ari da aldatzen zeinen aldaketa horiek erakundeetan islatzerako, belaunaldi berriak jada ezberdinak izango diren. Politikagintzak jatorrizko izaera endogamikoa gainditu eta malgutasunean eta bizkortasunean irabazten ez badu, gero eta urrutiago egongo da herritarrengandik.
Belaunaldi berri horiek millenials gisa dira ezagunak, eta izenaz harago, badira gako batzuk sektore berri horien dinamikak ulertzen laguntzen digutenak. Aurreko belaunaldiak ez bezala, orainari zukua ateratzeko prest daude, bizitzaz eta egunerokoaz gozatzeko prest. Beraien buruarengan konfidantza dute, mundura konektatura bizi dira eta saltsatzaileak dira, parte hartzea maite dute, konpromiso neurtuarekin bada ere. Eta politikara ere konektatuta daude, kontrakoa dirudien arren. Kontsumo politikoaren hazkundea izugarria da, behintzat, historikoki kultura politiko bat izan den eremuetan. Baina bizitzan eta politikan, pragmatikoak dira. Onura eta praktikotasuna, ilusioa eta eskaintza pertsonalizatua. Unean uneko klabe horien arabera erosi edo saltzen dute produktu politikoa. Kritikoak, zorrotzak eta aldakorrak dira, eta ondorioz, pertsonalizazioa eskatzen dute. Erabaki aurretik, parte hartu nahi dute eta eskaintza politikoa norbanakoaren eguneroko arazo eta beharretara zuzenduta egotea eskatzen dute. Elkarlana eta aniztasuna asko baloratzen dituzte eta protagonistak izan nahi dute. Mundua, politika, Nafarroa.... dena aldatzen ari da eta aldaketa horretan aktibo izan nahi dute.
Deskribapen orokor honek begiak irekiko dizkigu agian, eta ulertu, politikan alderdiek historikoki amestu eta bilatu dituzten helburuak, ziurrenik ez direla gizarteak orain dituenak, eta are gutxiago, izango dituenak. Hauteslekuetan izan ditugun azkeneko bi hitzorduek, tendentzia interesgarriak utzi dizkigute, tentuz eta behar den sakontasunez aztertu beharrekoak.
Aldaketak erakargarritasuna du beti, baita Estatuaren aldaketak ere. Azkenaldian bada esaldi bat askotan entzun dudana alderdi abertzaleen artean: "gehien kezkatzen nauena da gazteek Estatuaren aldaketan sinesten dutela". Bada ni kezkatzen hasita nago ohartzen naizelako gazteen amets, ohitura eta jokaerak ez direla "gogokoak" sektore askoren artean, aurretik azpimarratu bezala ez datozelako bat alderdi abertzale eta ezkertiarren orain arteko helburu eta jokamolde estankoekin. Edo onartzen dugu belaunaldi berriek beraien aldarrikapen, harreman eta helburuak definitzeko gaitasun eta askatasuna dutela eta alderdien lana horiekin konektatzea dela edo ez dugu ezer ulertu. Eta alderdiek darabiltzaten mezu eta hizkuntza estiloei so eginez gero, ematen du konektatzetik urruti daudela. Konfrontazioa, trantsizio garaiko borrokak, hausturak... urrutiko historia eta kontzeptuak dira oso gazteentzat. Zeintzuk eroso sentitzen diren, munduan barrena eta mugarik gabe bidaiatuz, Bartzelona, Madril eta Sevillan ikasiz, eta bereziki, gauzak aldatuz, hots, Estatuan aldaketa soziala bultzatuz.
Ildo honetan, aztertu behar litzateke baita ere nola gazteek jada gatazkaren konponbidearekin eta presoen gaiarekin afinitatea galdetu duten. Berriro ere, beste mende bateko kontuak direlako. Ez dira testuinguru horretan jaioak eta beraien egunerokotasunean ez dute zentzurik halako gatazka eta prozesuek.
Abertzaletasunaren eboluzioa: erabakian dago adostasuna. Modu indibidualean zein kolektikoan, belaunaldi berriak independenteak dira, edo bestera esanda, ez dira dependenteak. Eta ez dute dependentziarik ideologia zaharrekiko, gurasoen ohitura politikoekiko zein aiton-amonen sentimendu abertzaleekiko. Joera agerikoa da euskal gizartean pisua galdu dutela sentimendu abertzale eta independentistek, adostasuna erabakitzeko eskubidean dago eta bereziki, lurraldetasunari lotuta ez dauden alorretan. Behin eta berriz errepikatu dugu belaunaldi berriak askeak direla, "autonomoak eta autosufizienteak", eta beraien bizitza, lan eta etorkizunari buruzko kontrola izan nahi dutela. Eta horregatik identifikatzen dira hainbeste erabakitzeko eskubidearekin, beraien bizimoduan jada aplikatzen dutelako. Ulergarria da alderdi abertzaleek independentzia helburu izatea baina independentzia lortzeko herria eraiki behar da lehendabizi. Ez dira ohartzen independentziaren itzalak herria ikustea ekiditen diela eta herria badoala, badoa mundura. Autonomoa, autosufizientea, askea, modernoa, erakargarria, irekia, konprometitua eta justua den herria eraikitzen dugunean, orduan, jada independenteak izango gara.
2025. urtean, belaunaldi berri hauek, munduko langileriaren %75 izango dira. Eta bitartean, hedabideek eta politikoek "galdutako belaunaldiaz" hitz egiten dute. Gazteria ez dago galduta, etorkizun hurbilean, galduta dauden bakarrak haien kultura, jarrera, bizimodu eta pentsamolde berriak interpretatzeko gai ez diren sektore horiek izango dira. Kontsumo politikoa erabat aldatzen ari da eta bizirauteko produktu politikoak berehalakoan aldatu beharra dauka. Nire bozka ere "millenial" delako.
Urte berri ON!