BURLATAKO UDALAK GOIAN EDO EZKERREAN JARRI BEHAR DITU EUSKARAZKO TESTUAK
Burlatako Udalak, hauteskundeak baino lehen, Euskararen Ordenantza aldatu zuen. Errotulazioa horrela arautu zuen 8. artikuluan:
“Udalak eta hark kudeatzen eta/edo kontratatzen dituen erakundeek errotulazioa ele bitan izango dute.
Testu elebidunek, batez ere errotulazioari dagokionez, tamaina eta ikusgarritasun bera izango dute bi hizkuntzetan. Testua bi zutabetan dagoenean, ezkerrean, testua gaztelaniaz agertuko da, eta eskuinean, euskarazko testua; goialdean, bertikalean, testua gaztelaniaz idatziko da, eta, behealdean, testua euskaraz”.
Hau da, 103/ 2017 Foru Dekretuaren aurkako araua zen, honek ezkerrean edo goian euskara jartzea agintzen baitu. (Hala da, oso gutxitan betetzen bada ere).
Burlatako herritar batek gora jotzeko helegitea aurkeztu zuen Nafarroako Administrazio Auzitegian, araua Foru Dekretuaren araberakoa bihurtzeko.
2023ko azaroaren 9an eman du ebazpena:
- Burlatako Udalak ordenantzan ezin du legea eta honen arautegi exekutiboa saihestu (hau legezkoa bada, jakina).
- Beraz, testu elebidunetan, euskarazko testua goian jarri behar du edo ezkerrean, eta gaztelaniazko testua behean edo eskuinean.
Aurkakoa ikusten ohituta bagaude ere, euskararen aldeko neurri hau ongi ikusten dugu, Nafarroan euskararen historiari eta bere izaerari justizia egiten baitie.
Berriozarren halaxe jarri zituen seinaleak orain dela gutxi Nafarroako Gobernuak: Euskara goian; gaztelania, behean.
Burlatako Udalak, ebazpen hori eskuetan, eta Berriozarko seinale horietan Nafarroako Gobernuak erakutsitako eredua hartuta, badu zertan aitzindari izan, bide erakusle. Hala bedi!
2023-12-21.
ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.