KONSTITUZIOAREN PLAZA, ELE BITAN
Enrique Maiak eta UPNk Konstituzioaren plaza bat nahi zuten Iruñerako, eta izen hori eman diote Baluarteko plazari. Nola ez, gaztelania hutsean jarri dute: "Plaza Constitución plaza". Ba hori ez dator oso bat haien konstituzioarekin: "hizkuntzak bereziki zaindu behar direla" dio Espainiako konstituzioak bere 3.3 artikuluan. Beraz, beren konstituzioari kontra egiten diote euskara desagerrarazten dutenean errotuluetan, haur eskoletan euskararen kontra egiten dutenean, etab.
Ez da lehenbiziko aldia horrela jokatzen dutela. Pasealeku bati "Paseo 25 de noviembre pasealekua" jarri zioten. Euskaraz ez jartzeko, Udalak argudiatu zuen toponimo bat zela, eta "ez zekiela euskaraz beste izenik ote duen". Hala, Nafarroako Administrazio Auzitegiak, 2014ko abuztuaren 21ean emandako 02501/14, Ebazpenean hauxe esan zion Udalari:
" '25 de noviembre' ez bada gaztelania, gaztelaniaren antz handia du. Are gehiago: ausartuko ginateke esatera ez dela Erdi Aroko toponimo bat". Eta ele bitan jartzera behartu zuen. Hala dago gaur egungo plakan:
"25 de noviembre / Azaroaren 25a, Día internacional contra la violencia de género / Genero-indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna".
Beraz, gauza bera eskatuko genioke, euskaraz ere jar dezala plaka hau.
2022-02-07.
ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.