EREMU EUSKALDUNA, EREMU “EZ EUSKALDUN" BIHURTUA
Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legeak ezartzen du euskarak, Nafarroako eremu euskaldunean, eskakizun edo merezimendu izan behar duela nahitaez:
“Administrazio bakoitzak, berari dagozkion eskumenen esparruan, zehaztuko du zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea, eta gainerakoentzat, merezimendu kualifikatutzat hartuko da besteren artean” (15. 2 artikulua).
Bada, sistematikoki urratzen du Nafarroako Gobernuak, Osasunbidetik kanpo ez baitu euskara puntuatzen. Osasunbidetik kanpo ere baditu lanpostuak eremu euskaldunean, eta gehienetan ez dute profil elebidunik. Baina lanpostu horiek oposizio bidez betetzen ditu, eta oposizioetan ez direnez merezimenduak baloratzen (oposizio-lehiaketetan bai), ba euskararen ezagutza ere ez du baloratzen.
Zoritxarrez, Nafarroako Arartekoak ontzat eman du lege urraketa hori (Q20/464 eta Q20/1013 espedienteetan). Beraz, Euskararen Legea udaletarako soilik da aplikagarria? Edo euskarari kalte egiten dionean bakarrik da aplikatzekoa?
Nafarroako Gobernu honek, lehenbiziko aldiz, alemana baloratzen du eta euskara ez eremu mistoko oposizio-lehiaketetan, eta, hala, eremu mistoa eremu "ez-euskaldun" bihurtu du (Nafarroako Kontseiluak, ordea, legezkotzat jo du euskara puntuatzea eremu “ez euskaldunean” ere). Hori aski ez, eta aspalditik eremu euskalduna eremu “ez euskaldun” bihurtuta dauka, osasun etxeetatik kanpo.
Eremu euskaldunean Euskararen Legea ez du betetzen Maria Txibiteren Gobernuak, ez zuen bete Uxue Barkosen Gobernuak eta UPNren aurreko Gobernuek ere ez. 1986ko Euskararen Legeak ezarri zuen zonifikazioa praktikan ezabatzen ari da, baina ez mugimendu euskaltzaleak eskatutako norabidean. Nafarroako Gobernuak Nafarroa osoa bihurtu du eremu “ez euskalduna” ia lan deialdi guztietan (ez du euskararen ezagutza baloratzen).
2020-12-29.
ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.