"Laukoaren" Euskararen Ordenantzak eraginik ez, Iruñean

Erabiltzailearen aurpegia
Euskararen gaineko arauak onak izan daitezke, baina ez dute deusetarako balio baldin aplikatu behar dituztenek aplikatzen ez badituzte eta betearazi behar dituztenek betearazten ez badituzte. Honelako agintari eta epaileekin (Administrazio Auzitegiaren kasuan Zuzenbideko lizentziadunak dira) arras babesgabe gaude euskaldunak.
”LAUKOAREN” EUSKARAREN ORDENANTZAK ERAGINIK EZ


Irailean, Iruñeko Udalak deialdiak egin zituen irakasleen zerrendak eratzeko Musika Eskolarako, tronparako, tronpetarako, biolinerako, perkusiorako eta gitarra elektrikorako. Ez zuen puntuatu euskaraz jakitea.

Horren aurrean, herritar batek errekurtsoak aurkeztu zituen Nafarroako Administrazio Auzitegian, euskaraz jakiteari gutxienez ere % 5eko balorazioa eman behar zitzaiolako, Euskararen Ordenantzaren arabera. Oraindik ere indarrean zegoen "laukoaren" Euskararen Ordenantza, argitaratu zena 2019ko maiatzaren 14an, eta indarra hartu zuena maiatzaren 29an.

Hauxe zioen Euskararen Ordenantzak:

“17. artikulua. Balorazioa merezimendu gisa.

1.- Herritarrekin harreman zuzena ez duten lanpostuetan euskararen balorazioa % 5 izanen da deialdiko puntu guztien gainean (lehiaketa gehi oposizioa), eta harreman zuzena duten lanpostuetan euskararen balorazioa % 10 izanen da”.

Administrazio Auzitegiak hauxe erabaki zuen, 2020ko martxoaren 20an: haren ustez ez da aplikatzekoa Euskararen Ordenantza, ez zirelako oposizio-lehiaketak (azterketak + merezimenduak) baizik oposizio hutsak (azterketak bakarrik), eta, haren ustez, euskara baloratu behar da soilik oposizio-lehiaketetan.

Horren aurrean, hauxe esan behar dugu: Euskararen Ordenantzak ez zuen horrelako bereizketarik egiten: Euskararen Ordenantzak zioen "lanpostuetan euskararen balorazioa % 5" gutxienez izanen dela. Hori bai, zehazten zuen portzentaje hori kalkulatuko zela "deialdiko puntu guztien gainean (lehiaketa gehi oposizioa)"; izan ere, Nafarroan, gehienetan honela kalkulatzen da euskararen puntuazioa: adibidez, deialdi batean azterketak 70 puntu ematen baditu, eta merezimenduek 30, euskararen puntuazioa 30 horien gainean kalkulatzen da. Beraz, Euskararen Ordenantzan, zehazten zen "deialdiko puntu guztien gainean (lehiaketa gehi oposizioa)" kalkulatuko zela.

Nafarroako Administrazio Auzitegiak ez du Euskararen Ordenantza aplikatu nahi izan eta aitzakia asmatu du. Nonbait, erabat tokiz kanpo iruditu zaio musika eskolak euskaraz ematea eta gurasoek euskarazko musika eskolak aukeratzea euren seme-alabentzat.

Nolanahi ere, aipatu behar da Euskararen Ordenantza onetsi zutenek ("laukoak") ere aukera eta betebeharra izan zutela Euskararen Ordenantza aplikatzeko; izan ere zazpi deialdi egin zituzten beren agintaldia bukatu aurretik, Euskararen Ordenantza berria indarrean zela, eta haiek ere ez zuten euskara puntuatu. Baldin haiek ere Administrazio Auzitegiak bezala interpretatu bazuten, hau da, oposizio-lehiaketa behar zuela izan euskara puntuatzeko, ba aski zuten sistema hori erabiltzea.

Euskararen gaineko arauak onak izan daitezke, baina ez dute deusetarako balio baldin aplikatu behar dituztenek aplikatzen ez badituzte eta betearazi behar dituztenek betearazten ez badituzte. Honelako agintari eta epaileekin (Administrazio Auzitegiaren kasuan Zuzenbideko lizentziadunak dira) arras babesgabe gaude euskaldunak.

Euskararen Ordenantza hori jada ezabatu egin dute ordenamendu juridikotik. Ez du eragin praktikorik izan.