2019-10-30/11-20: ERRIGORAREN KANPAINA BERRIA
Urriaren 30etik azaroaren 20ra izango da Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainaren 2019ko edizioa. Urtero bezala, data hauen artean Nafarroa hegoaldeko produktu bikainez osatutako saskiak eskatu ahal izango dira. Alabaina, aurten eskaintza berrituarekin gatoz: ez bat, ez bi; 3 saski izango dira aukeran.
Zertarako eskatu saskiak? Batetik, nola ez, dakartzaten produktuez gozatzeko. Bigarrenik, bertako ekoizpena sustatzeko. Eta, hirugarrenik, euskarari laguntzeko. Saskiak eskatuta, hauen balioaren %25 Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintzari emango diozu.
Nola liteke hau? Labur esateko, auzolana da kanpaina hau posible egiten duena. Ehunka lagun ari gara, borondatez, Euskal Herri luze-zabalean kanpainaren berri eman eta eskaerak jasotzen. Ehunka ariko gara saskiak osatzen eta handik hona eta hemendik hara kutxak eramaten.
Eskatu saskia(k) eta izan zaitez zeu ere auzolan erraldoi honen parte, nork bere aletxoa jarrita, guztion artean ekarpen ederra pilatzen ari gara eta. 2013an egin genuen lehenengoz kanpaina hau eta dagoeneko ia 1.000.000€ bideratu dugu Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskarari hauspoa ematen ari diren proiektuetara.
https://www.errigora.eus/euskarari-puzka-2019
ESKATU SASKI BELTZA, BETIKOA: 50 €
Orburuak
Zainzuriak
Pikillo piperrak
Ardoa Oliba-olio birjina estra
Potxak
Mahats-zukua
Zainzuri-krema
Teilak
Melokotoia almibarrean
Kardua
Tomate frijitua
Pikillo mamia
ESKATU SASKI BERDEA, EKOLOGIKOA: 60 €
Orburuak
Zainzuri zuriak
Pikillo piperrak
Ardoa
Oliba-olio birjina estra
Potxak
Mahats-zukua
Arroza
Pasta
Barazki-menestra
Ozpina
ESKATU SASKI ZURIA, BEREZIA: 70 €
Orburuak
Zainzuri zuriak
Pikillo piperrak
Ardoa (Kriantza)
Patxarana
Extra Brut
Polboroiak
Patxaran mantekatuak
Txokolatezko arrokak
Pikillo piper marmelada
NOLA ESKATU
Azaroaren 20ra arte (azken hau barne) izango da eskaerak egiteko aukera. Herriz herri presentziazko eskaerak egiteko aukera izango da, baita modu errez eta erosoan hemendik bertatik online eskatzekoa ere.
Goiko aldean nahi beste saski gehitu ondoren, eskaera-prozesua hasiko duzu. Eskaera bideratu ahal izateko, zure datuak (izen-abizenak, herria, telefono zenbakia eta posta elektronikoa) sartu beharko dituzu segidan.
Eskaera egitean saskiak jasotzeko gune bat aukeratu behar da. 200 herritan banatuta, 700 gune daude orotara (ikus banaketa guneak). Gune bakoitzak saskiak jasotzeko egun eta ordutegi zehatzak ditu, eskaera egiterakoan ikusi ahal izango duzun bezala.
Ordainketa egiteko bi aukera izango duzu: online, txartel bidez ordainketa aurretiaz eginda utzi ahal izango duzu, baina, nahiago bazenu, saskiak jasotzean ordaintzea ere posible da. Hori bai, diru-kopuru zehatza eraman ezazu, badaezpada.
Banaketa-gunea aukeratzean zehaztutako egun eta orduetan joan beharko duzu saskien bila (kasu gehienetan abenduaren bigarren astean). Edonola ere, eskaera-prozesua amaituta e-mail bat jasoko duzu egindako eskaeraren berri emanez eta eskaeraren bila noiz joan behar duzun gogoraraziz.
DIRU EKARPENA
Aurtengoan diru-ekarpenean ere badago berritasunik. Batetik, orain arte bezala, diru-ekarpena jasoko dute:
Zonalde zigortuko ikastolek. Vianako Erentzun, Lodosako Ibaialde eta Tuterako Argia ikastolek eguneroko beharrei aurre egin ahal izateko eta arnasa lasaiago hartzeko balio izanen die jasoko duten diru-partidak.
AEK-k. Orain arte bezala, zonaldeko euskaltegien egitura-gastuei aurre egiteko ez ezik, ikasleei matrikula ordaintzen laguntzen dien beka-sistemara bideratuko du jasoko duen zatia.
Sortzenek. Beldurrak eta aurreiritziak uxatzeko orain arte hain beharrezko izan den lanean jarraituko du Sortzenek, zonaldean matrikulazio-kanpainak eginez sare publikoan D ereduko taldeak mantendu eta berriak sor daitezen.
Baina, aurten, honez gain, Agerraldia deitu dugun ekimen berrira ere bideratuko dugu diru-ekarpenaren zati bat. Ager vasconumean (Nafarroako erdialdean eta hegoaldean) euskara bultzatzeko eta laguntzeko beste urrats bat eman nahi dugu. Bide praktikoa eta eraginkorra egin nahi dugu, bertako euskaldunak eta euskaltzaleak protagonista eta sustatzaile izanen dituena, saretzean eta elkarlanean oinarritua, eta emaitza gisa jarduera eta ekintza zehatzak ekarriko dituena, euskararen ezagutza zabaltzeko, erabilera handitzeko eta aldeko jarrerak indartzeko.