Koloneko minbiziaren prebentziorako kanpaina berriz ere gaztelania hutsean

Erabiltzailearen aurpegia adm.euskaraz.taldea 2019ko uzt. 24a, 23:20

Aplikazio informatikoaren azterketa, Dekretua eta Hizkuntz Plangintzaren ondoren lortutako emaitza hauxe izan da: 2019an informazioa berriz gaztelania hutsean jasotzea.

KOLONEKO MINBIZIAREN PREBENTZIORAKO KANPAINA BERRIZ ERE GAZTELANIA HUTSEAN



Kolon eta ondesteko minbizia garaiz antzemateko programa dela eta, bi urtez behin gonbidapen pertsonalizatua jasotzen da proba bat egiteko. 2019ko uztailaren 16an, Nafarroako Arartekoak hala nahi dutenei, behintzat, euskaraz eta gaztelaniaz informazioa bidaltzeko gomendioa eman dio Osasunbideari, Arrotxapeko herritar baten kexa baten harira.

2015ean antzeko kexa baten aurrean, Osasunbideak erantzun zuen informazioa ele biz bidaltzen dela eremu euskaldunean soilik eta hortik kanpo aplikazio informatikoak norbanakoaren araberako bereizketa egiterik ez duela. Aplikazioa aldatzea aztertzeko prest agertu zen.

103/2017 Foru Dekretua dagoeneko indarrean dago. 21.3 artikuluan hauxe ezartzen du: “Zerbitzu zentralek herritar guztiei zuzendutako xedapenak, oharrak, informazio-liburuxkak, kanpainetako material grafikoa, argitalpen dibulgatiboak, mota orotako iragarkiak eta publizitatea edo antzeko beste idazkiak ele biz idatziko dira”.

2019ko maiatzaren 10eko Osasunbidearen Hizkuntz Plangintzaren Foru Agindua onartu ondoren, “gobernu irekia”-ren webgunean jarri zen. Dekretua garatzeko bidea ezartzen du bertan.

Aplikazio informatikoaren azterketa, Dekretua eta Hizkuntz Plangintzaren ondoren lortutako emaitza hauxe izan da: 2019an informazioa berriz gaztelania hutsean jasotzea.

Euskarari dagokionez, eraginkortasuna oraindik ez da agertzen Osasunbidearen hiztegian. Hori bai, horretan ari omen dira.

2019-07-24.

ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!