2019-05-19: Sortzen jaia, Iruñeko Antoniutti Parkean

Erabiltzailearen aurpegia adm.euskaraz.taldea 2019ko mai. 17a, 22:13

Sortzen elkarteak urtero antolatzen duen jaia, aurten, maiatzaren 19an izango da Iruñeko Takonera lorategien inguruan.

2019-05-19: SORTZEN JAIA, IRUÑEKO ANTONIUTTI PARKEAN



Sortzen elkarteak urtero antolatzen duen jaia, aurten, maiatzaren 19an izango da Iruñeko Takonera lorategien inguruan. Vista Bella eta Bosquecillo dira, hain zuzen ere, aukeratutako guneak eta euskal eskola publiko berriaren aldeko jaia ospatzeko jarduerez beteko dira egun horretan. Familia, gazte eta hezkuntza komunitatea oro har ditu ardatz gure jai egunak, baina, jaian parte hartzeko gonbidapena herritar guztiei egiten diegu gaur.

Sortzen elkarteak 28 urte daramatza hezkuntza komunitatean Euskal eskola publiko berria aldarrikatzen: Haurra erdigunean jarriko duen eskola. Euskara eta euskal kulturan errotua eta hortik munduari irekia. Guztiontzat eta guztiona; aniztasuna, naturaltasunez, aberastasun gisa onartu eta garatzeko baliabideak eskainiko dituena. Hezkidetzan oinarrituko dena, parte hartzailea eta komunitatean txertatua. Sortzen osatzen dugun ikastetxe, guraso talde, irakasle zein herritarron artean eguneroko lanarekin egiten diogu aurre erronka horri eta urteroko jaia horren isla txiki bat izan dadin ahalegintzen gara.

Euskaratik guztion eskola Sortzen da aurtengo leloa. Euskara eskola, familia eta herriaren oinarri bezala ulertzen dugulako. Euskara ulertzen dugulako aniztasunean lokarri, denon proiektua den heziketa prozesua elkarrekin gorpuzteko lanabes, ezberdinen arteko zubi. Euskararen hazia auzo bizi onaren eskolarekin batera hedatuz joatea dugu helburu. Ikasle euskaldun eleaniztunak heztea da erronka, horretarako, euskara ardatz izango duen eskola zein auzo-herria sustatuz. Aurtengo logotipoaren irudikapen grafikoa leloaren hitzak dira.

http://www.sortzen.eus/eu/Albisteak/20190412/Maiatzaren_19an_ospatuko_da_Sortzen_Jaia_Takoneran

Sortzen Jaia datorren maiatzaren 19an ospatuko da Takonerako lorategien inguruan. Bi gune hartuko ditu: Vista Bella eta Bosquecillo kalea. Festa giroan emango du eguna bertaratzen denak, jarduera eta plan desberdinak izango dituelarik aukeran. Aurtengo leloa Euskaratik guztion eskola sortzen da, eta, zentzu horretan, euskarak bustiko du jai eguna.

Egitarauari dagokionez, hasierako ekitaldia 10:45etan izango da Vista Bellan, eta, hortik aurrera, programazio zabala izango dugu, egun osoan zehar. Txikientzako Kiki Koko eta Moko pailazoen haur-ikusizuna izango da, eta Hodei magoak emozioa, barrea, sorpresa eta bestelako sentsazioak ere sorraraziko dizkio eszenatoki nagusira gerturatzen den orori.

Musikak tarte zabala izango du jai egunean. Tafallako Galtzagorriak taldeak bere basoko ska eskainiko du eguerdi partean. Arratsaldean aldiz, Akiakulek dantzan jarriko gaitu Euskal Herriko zein munduko hainbat dantza-doinu geurera ekarriz. The Sustraians Revuek roksteady eta early reggae erritmoetan murgilduko gaitu kanta ezagunen bertsio euskaratuekin. Eta azkenik, Trikidantz erromeri taldeak amaiera emango dio jaiari bere doinu alai eta dantzagarriekin. Bestalde, egunean zehar, haurren gozamenerako puzgarriak ere izango dira.

Horrez gain, gurasoek prestatutako tailerrak izango ditugu bertan: Txapa tailerra, agenda bat sortzekoa, haize-errota bat egitekoa eta orientazio proba, besteak beste. Gustuko dutenentzat Txalaparta jotzen ikasteko aukera ere egongo da, eta gainera, Saharako kabiak ere gurekin izango da egun eder hau gozatzen. Jarduera guztiak doan izango dira.

Jai gunera gerturatzeko garraio publikoa erabiltzeko deia egiten diegu herritarrei, eta txirrindulaz gerturatuko direnentzat parkina jarriko dugu. Denok gonbidatuta zaudete!

http://www.sortzen.eus/eu/Albisteak/20190511/Musika_haur_eta_magia_ikuskizunak_Sortzen_Jairako_prest

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!