Enplegu publikoa eta euskararen meritua

Erabiltzailearen aurpegia adm.euskaraz.taldea 2018ko urt. 6a, 23:35

Merituen puntuazioan Nafarroako Gobernuaren jokabideak ez du zerikusirik eremu mistoko hainbat udalen jokaerarekin.

ENPLEGU PUBLIKOA ETA EUSKARAREN MERITUA

 

Azaroaren 30ean Navarra Televisión katearen II. sari banaketa ospatu zen. Hartan, monologista batek esan zuen: "Orain, oposizioetan, euskaraz jakitea puntuatzen da. Baita Erriberan ere, non ez baitugu sekula hitz egin". Baina ez zen egia. Erriberan, ordura arte behintzat, enplegu publikorako ez zen sekula puntuatu euskaraz jakitea, ez UPNrekin, ez Gobernu berriarekin. Postu batzuetarako alemanez, ingelesez eta frantsesez jakitea baloratzen zen, baina ez euskaraz jakitea. Azaroaren 30ean bertan, Euskarari buruzko 103/2017 Foru Dekretu berria onetsi zen. Zer ondorio ekarriko ditu euskara meritu gisa puntuatzeko?

 

Euskara meritu gisa: Kasik aldaketarik ez.

 

Zaila da mila aldiz errepikatutako gezurrei aurre egitea, baina argi esan behar da: Foru dekretu berriak, oro har, ez du aldaketarik ekarriko alde horretatik. Nafarroako Gobernuaren lan deialdi gehienak oposizioak dira, (azterketa egiten da, baina merituak ez dira kontatzen) eta horietan (oro har) ez dira hizkuntzak puntuatzen. Beraz, orain arteko lan deialdietan euskararen puntuazioa (oro har) ZERO zen, eta hemendik aurrera ere ZERO izanen da.

 

Oposizio-lehiaketen kasua.

 

Lan deialdi gutxi batzuk oposizio-lehiaketak dira (azterketa egiten da eta merituak kontatzen dira). Batez ere Osasunbideko deialdiak izaten dira, eta horietan bai, hizkuntzak puntuatzen dira. Osasunbidean zertxobait igo eginen da euskararen puntuazioa meritu moduan. Lehen, baremoko puntu guztien % 3 zen eremu mistoan, eta % 6 eremu euskaldunean. "Eremu ez-euskaldunean" ez zen euskaraz jakitea puntuatzen, eta bai alemanez, ingelesez eta frantsesez jakitea. Orain, berriz, baremoko puntu guztiak batuko dira, salbu euskararenak, eta horren batuketako % 7 dagokio euskarari eremu mistoan eta % 11 eremu euskaldunean. "Eremu ez-euskaldunean" euskara baloratzeko aukera izanen da bakarrik, baina beti baloratuko dira alemana, ingelesa eta frantsesa.

 

Baremoko portzentajea vs deialdiko portzentajea.

 

Aipatzekoa da portzentaje horiek ez dagozkiola oposizio-lehiaketa guztiari, baizik eta baremoaren zatiari. Hau da: Osasunbidean adibidez, gehienetan 60 puntu dagozkio azterketari, eta merituei 40. Ba euskararen portzentajeak 40 puntu horiei bakarrik aplikatuko zaizkie. Beraz, praktikan, euskararen egiazko puntuazioa lan deialdi osoaren % 2,8 baino gutxixeago izanen da eremu mistoan, eta % 4,4 baino gutxixeago eremu euskaldunean. "Eremu ez-euskaldunean", euskaraz jakitea baloratzen bada, % 2,8 baino gutxixeago, eta baloratzen ez bada, horixe: Zero puntu (alemanak, ingelesak eta frantsesak, % 2 bakoitzak).

 

Ingelesa puntuen % 10 zenekoa.

 

Goian esan dugu oposizioetan ez direla hizkuntzak baloratzen, baina badira salbuespenak: UPNk, 2009-2015 aldian, ingelesa jakitea baloratu zuen A eta B mailako oposizioetan. Eta, horietan, lan deialdi osoaren % 10 arteko balioa izan zuen. Badago aldea, ezta?

 

Udal asko, Gobernua baino aise hobeki.

 

Merituen puntuazioan Nafarroako Gobernuaren jokabideak ez du zerikusirik eremu mistoko hainbat udalen jokaerarekin. Burlatan, euskara puntu guztien % 5ekin puntuatzen da, eta jendearekiko harremana dutenetan, % 10ekin. Antsoainen, berdin. Lizarran, euskara puntu guztien % 6rekin puntuatzen da. Eguesibarren, puntu guztien % 3rekin, eta jendaurreko lanpostuetan % 6rekin. Dekretuak dio udalek erreferentzia moduan har ditzaketela Nafarroako Gobernuak ezarritako puntuazioak. Eskerrak ez dituen behartzen.

 

2018-01-06.

 

ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!