Film gutxi euskaraz, askotan oharkabean pasatzen zaizkigu, eta ordutegiak ez dira hoberenak izaten.
ZINEMA EUSKARAZ, ZINEMA KATALANEZ
1999. urtean egin zuten Katalunian "Manifestua, filmak katalanera bikoiztearen eta azpititulatzearen alde". Ehunka elkartek sinatu zuten, eta egunkarietan argitaratu zen, handi-handian. Ordutik hona, erakundeak eta herri mugimendua elkarlanean aritu dira, katalanezko zinema bultzatzeko.
Katalanaren kontrako prentsak kritikatu izan du, esanez diru publikoa xahutzea dela, ikusleek zinema gaztelaniaz ikusi nahi dutela, zinema aretoak kontra daudela... Baina aurrera egin dute, eta gaur egun, gaur bertan, pelikula pila daude ikusgai katalanez, Herrialde Katalanetan. Gainera, ekainean "Filmin.cat" plataforma jarri zuten abian: Filmak katalanez ikusteko Interneteko plataforma, izan katalanez eginak edo bikoiztuak edo azpititulatuak.
Euskal Herrian askoz atzeratuago gaude honetan ere. Film gutxi euskaraz, askotan oharkabean pasatzen zaizkigu, eta ordutegiak ez dira hoberenak izaten. Joan den ikasturtean "Richard zikoina" estreinatu zuten, haurrentzako filma. Txiolari batek esan zuen Gasteizen ikusi zuela, hutsik zegoen areto batean. Noizbait hasiko ote gara hemen ere, Katalunian bezala, erakundeak eta herri mugimendua elkarlanean, zinema euskaraz bultzatzeko?