Iruñeko hiri sarreretako kartelak dagoeneko elebidun.

Erabiltzailearen aurpegia adm.euskaraz.taldea 2016ko eka. 23a, 22:03

2015eko urtarrilaren 12an Nafarroako Gobernuak amore eman eta kartelak aldatzea onartu zuen, hiru epetako plangintzaren bidez: 2015eko martxoan eta urrian eta 2016ko apirilean jarri zituen datak kartel guztiak aldatzeko.

IRUÑEKO HIRI SARRERETAKO KARTELAK DAGOENEKO ELEBIDUN

 

 

Iruñeko Euskalgintzak iragarri nahi du Iruñeko hiri sarreretako karteletan hiriaren euskal izena ere dagoeneko jarrita dagoela.

 

2014an kanpaina egin genuen hori lortzeko, izena gaztelania hutsean egonik, hiriaren izaera euskalduna ezkutatzen zela iritzita, Euskararen Legeak ezarritakoa urratzeaz gain.

 

Nafarroako Gobernuaren Erregistroan eskaera egin genuen (orduan Gobernua UPNko Yolanda Barcinaren esku zegoen). Isiltasunaren aurrean, Nafarroako Arartekoaren bulegoan kexa aurkeztu genuen.

 

Nafarroako Arartekoak arrazoia eman zigun: Bi izen ofizialak jarri behar zituen Gobernuak.

 

Kanpainatxoa burutu genuen herritarren sinadurak lortzeko eta baita ere “Iruñea” zioen kartel baten ondoan argazkiak egiteko.

 

Bildutako sinadurak Nafarroako Gobernuaren Erregistroan aurkeztu genituen.

 

Mozioa ere aurkeztu genuen Nafarroako Parlamentuan. 2014ko abenduaren 22an Parlamentuak Gobernua premiatu zuen kartelak alda zitzan.

 

2015eko urtarrilaren 12an Nafarroako Gobernuak amore eman eta kartelak aldatzea onartu zuen, hiru epetako plangintzaren bidez: 2015eko martxoan eta urrian eta 2016ko apirilean jarri zituen datak kartel guztiak aldatzeko.

 

2015eko martxoan aldatu zituen aurreikusitako 6 kartel. Ondoren, Gobernu aldaketa etorri zen. Gobernu berriari plangintza hori bukatzea egokitu zaio. Halaxe egin du: 2015eko urrian 4 kartel aldatu zituen eta 2016ko apirilean 3 kartel.

 

Beraz, kanpaina arrakastatsua izan da, helburua lortu delako.

 

UPNren Gobernuak euskararen aldeko neurri hori hartu bazuen (nahiko presionatuta, egia erranda), espero dezagun aldaketaren Gobernua ere legegintzaldia amaitu baino lehen euskararen aldeko neurriak hartzeko gai izatea!

 

2016-06-23.

 

Iruñeko Euskalgintza.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!