Nafarroako Auzitegi Nagusiak Iruñeko euskarazko haur eskolen inguruko epaia eman eta gero, Iruñeko Euskalgintzak gurasoekin batera antolatutako ekitaldian irakurri zen idazkia da hau.
Euskaraz bizi nahi dugu, zorionak Iruñea!
Nafarroako Auzitegi Nagusiak Iruñeko euskarazko haur eskolen inguruko epaia eman eta gero, Iruñeko Euskalgintzak gurasoekin batera antolatutako ekitaldian irakurri zen idazkia da hau.
Itziar Luri, Iturrama auzoko gurasoa:
Poza, lasaitua, emozioa... Ezin hitz batean bildu sentitzen dugun guztia. Gaur jaso dugun berriak aurrematrikula egina dugun gurasooi zuzen-zuzenean eragiten badigu ere, oso konsziente gara milaka iruindarrei ere eragiten diola. Izan ere, 30 urtez asko eta asko izan dira gure eskubideak berma zitezen nekaezin lan egin duten pertsonak: Gurasoak, hezitzaileak, euskalgintzako eragileak, sindikalgintzakoak, auzo eragileak, politikoak... Azken batean Iruñea justuago bat amesten eta eraikitzen lan egiten duten guztiak. Gure lehenengo hitzak, beraz, jende ameslari eta borrokalari horri eskaini nahi dizkiogu bihotz-bihotzez. Urtetako lan eskerga hau guztia gabe ez geundeke gaur hemen irribarrea ahoan. Gure kasuan, zuei guztiei esker gure hirugarren semea lehen aldiz etxetik gertu eta euskaraz joanen da haur eskolara. Iturraman bizi gara eta orain arte ez dugu aukera hori izan.
Bestalde, hilabeteotan bizi izan dugun ezinegona gogora ekarri nahi dugu. Gure nahi bakarra euskaraz bizitzea da. Gure txikiak eleanitzak izan daitezen apustua egiten dugu eta hori euskaratik egin nahi dugu, gure hizkuntza delako, iruindarron hizkuntza delako. Horretarako eskubidea dugu eta urtetan gutxiagotuak izan gara. Herritar gisa gure betebeharrak guztiek bezalaxe bete behar izan baditugu ere, gure eskubideak zapalduak izan dira. Euskaraz hezteko erabakia hartzen genuenok Txantrearaino mugitu behar izan dugu Iruñea osotik, milaka km eginez. Eta hori, plaza lortzekotan, oso gutxi izan baitira euskaraz eskaini diren plazak. Beraz, aurten Iruñeko Udalak euskarazko eskaintza bi haur eskola gehiagotara hedatzeko hartutako erabakiak ilusioz bete gintuen. Izan ere, arazoa konpontzen ez bazuen ere (gogoan izan 17 haur eskolatik aldaketa honekin soilik 4tan eskainiko dela euskaraz), egunerokoa asko arintzen dio bere txikia euskaraz hezi nahi duenari. Guztiontzako justuagoa den egoera batera iristeko lehen urrats bezala bizi izan genuen. Eta urrats txikiak sortutako ilusioa egun batetik bestera airean geratu zen. Ezin duzue irudikatu ze aste gogorrak bizi izan ditugun. Baina gaur, hori guztia atzean utzita, datorren ikasturtean gure txikiak euskaraz eskolatuko ditugula jakiteak ematen digun poza zuekin konpartitu nahi dugu.
Amaitzeko, guraso askok oraindik ere euskaraz matrikulatzeko aukera hori etxetik urrun dutela gogorarazi nahi dugu. Iruñeko Udalak urrats bat eman du bere 12 haur eskoletatik heren batean euskarazko eskaintza eginez. Nafarroako Gobernuak dituen 5etatik, ordea, bakar batean ere ez da euskaraz eskaintzen eta gaur hemen gaudenok Nafarroako Gobernuari eskubideen bermean urratsak eman ditzan eskatzen diogu. Izan ere, oraindik bakarrik plaza guztien %27a eskainiko da euskaraz eta aurten Udalak egindako inkestan gurasoon %38ak euskaraz nahi dugula agerian geratu da.