Iruñeko euskarazko haur eskoletan izena eman duten gurasoak Nafarroako Arartekoarekin.

Erabiltzailearen aurpegia adm.euskaraz.taldea 2016ko eka. 10a, 02:51

Ulergaitza eta diskriminatzailea iruditzen zaigu epaitegiak emandako kautelazko neurria. Eta berauk eragiten dituen ondorioak benetan lazgarriak. Izan ere, iruindar guztiontzat egoera justuago eta orekatuagoa zekarren aldaketa geldiarazi du epaile batek eta gaur gaurkoz ez dakigu zer gertatuko den egin dugun matrikularekin. Eta bi eskubide urratzen zaizkigula ulertzen dugu: - Hizkuntza-eskubidea: gure haurrak euskaraz hezteko dugun eskubidea - Arrematrikula egin izanak ematen digun eskubidea: martxoan zehar egindako aurrematrikulazio ofizialean, tramite guztiak egoki beteta eskuratu dugu plaza euskaraz. Dagokiguna nahi dugu.

IRUÑEKO EUSKARAZKO HAUR ESKOLETAN IZENA EMAN DUTEN GURASOAK NAFARROAKO ARARTEKOAREKIN.

 

Iruñeko haur-eskoletako gurasoek Arartekoari hitzordu eskaera egin diote eskubideen bermean laguntza eman dezan Haur-Eskoletako gurasoen ordezkaritza:

 

Egun on,

 

Gaurkoan Aratekoaren bulegora deitu zaituztegu, hari hitzordu eskaera egin baitiogu haur eskoletako guraso eta haurrengan kautelazko neurriak dituen ondorio lazgarrien berri izan dezan.

 

Duela bi aste Iruñeko Udalean euskarazko haur eskoletan aurrematrikula egin duten 140 haurren gurasoen eskaerak erregistratu genituen. Dakizuenez, azken urteetan Haur Eskolen inguruan egondako eskaintza desorekatu eta ulergaitzarengatik ehunka familia kaltetuak izan gara, soilik gure seme-alabak euskaraz bizitzea nahi izateagatik. Egoera horren ondorioz hainbat familiak milaka kilometro egin behar izan ditugu euskaraz zeuden bi haur eskoletara gure haurrak eramaten. Orain eskaintza hori orekatzen hasia zela bat-batean neurri bidegabe batzuekin egin dugu topo. Gogoratu behar dugu Udalak planteatutako aldaketek euskaraz bizi nahi duten familia askoren egoera arinduko dutela, baina inolaz ere ez dute gutariko askoren egoera konponduko. Izan ere, guk egiten dugun hautua, euskarazko Haur Eskola, Iruñeko 4 auzotan besterik ez baita eskainiko. Gutako askok oraindik ere egunero hamarnaka kilometro egin behar izanen ditugu gure seme-alabak euskaraz hezi ahal izateko. Beste aldera, haien haurrak erdaraz hezi nahi dituztenetako batzuek aldaketa hauekin gehienez ere 10 minutuko desplazamenduak egin beharko dituzte haien hautua aurrera eramateko.

 

Ulergaitza eta diskriminatzailea iruditzen zaigu epaitegiak emandako kautelazko neurria. Eta berauk eragiten dituen ondorioak benetan lazgarriak. Izan ere, iruindar guztiontzat egoera justuago eta orekatuagoa zekarren aldaketa geldiarazi du epaile batek eta gaur gaurkoz ez dakigu zer gertatuko den egin dugun matrikularekin. Eta bi eskubide urratzen zaizkigula ulertzen dugu:

 

- Hizkuntza-eskubidea: gure haurrak euskaraz hezteko dugun eskubidea

 

- Arrematrikula egin izanak ematen digun eskubidea: martxoan zehar egindako aurrematrikulazio ofizialean, tramite guztiak egoki beteta eskuratu dugu plaza euskaraz. Dagokiguna nahi dugu.

 

Garbiñe Petriati, Hizkuntz-Eskubideen Behatokiko zuzendaria

 

Ez da lehenengo aldia Hizkuntz-Eskubideen Behatokiak Arartekoarengana jotzen duela Iruñeko Haur-Eskolen afera dela eta. Izan ere, urte luzez Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak Iruñeko haur eskoletan egin izan duten euskarazko eskaintza murritzak herritar ugariren hizkuntza-eskubideak urratu baititu. Eta komenigarria da, hizkuntza-eskubideak zer diren gogora ekartzea:

 

Hizkuntza-eskubideak, hizkuntza alorreko giza-eskubideak dira. Alegia, norbanakoak zein kolektiboak publiko zein pribatuan komunikatzeko hizkuntza-hautua egiteko duen eskubide humano eta zibila da, lurralde jakin batean dauden herritarren nazionalitatea, etnia, edo hiztun kopurua baldintza izan gabe.

 

Hona Hizkuntza-Eskubideen Deklarazio Unibertsalak hezkuntzaren alorrean jasotzen dituen artikulu batzuk:

 

24. artikulua

 

Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du erabakitzeko zein mailatan egongo den bere hizkuntza, hala irakas-hizkuntza nola irakasgai gai, ikasmaila guztietan: haur hezkuntza, lehen mailako hezkuntza, bigarren hezkuntza, lanbide heziketa, unibertsitatea eta helduen hezkuntza.

 

25. artikulua

 

Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du beharrezkoak dituen baliabide pertsonal eta material guztiak eskura izateko, lurralde barruko irakaskuntzaren maila guztietan bere hizkuntzak nahi duen presentzia-maila lor dezan: modu egokian hezitako irakasleak, metodo pedagogiko egokiak, eskuliburuak, diru-iturriak, aretoak eta ekipamenduak, baliabide teknologiko tradizionalak zein berritzaileak.

 

26. artikulua

 

Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du bere kide guztiei berezko hizkuntza menderatzeko bidea emango dien hezkuntza izateko, ohiko erabilerei dagozkien gaitasun guztiak barne, bai eta ezagutu nahi den beste hizkuntza baten ezagutza osoa menderatzeko ere.

 

Horrexegatik gaude guraso hauekin Arartekoarenean hitzordua eskatzen.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!