Iruñeko Euskalgintza Nafarroa orekatuaren alde.
Kontseiluak Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu lelopean ekainaren 4rako deitu duen manifestazioa prestatzen ari garenean etorri zaigu berria: Maiatzaren 5etik aurrera ez da ETB ikusiko Nafarroa Garaian.
Euskaraz bizitzeko beste hizkuntzek beren herrietan izaten dituzten bitarteko berak nahi ditugu guk ere, Nafarroan gaztelaniak dituen baliabide berak eskatzen ari gara “lehen mailako pribilegiatuak” omen garen hiritar euskaldunok.
Bidea zabala eta erosoa nahi dugu euskaraz ibiltzeko, ziztuan ere ibili ahal izateko. Ez dugu harri kozkorrez eta oztopoz bide ibili ezina nahi. Guk ere komunikabideak nahi eta behar ditugu, euskarazko komunikabideak. Ahalegin handien ondoren erdietsi genuen euskarazko egunkari bat, 2003an, indarrez hetsi zigutena. Euskarazko telebistak ikusteko ere gogor saiatu gara, eta, bereziki, ETB Nafarroa osoan ikusteko urtetan aritu gara borrokan. Nafarroako Parlamentuan berean ere ETB jasotzearen aldeko erabakia onartu izan da. Jarri da eta orain atzera bota du Espainiako Gobernuak.
UPNk orain egun gutxi egindako X. Kongresuan hauxe zioen: “Nafarroa maite dugu, den bezalakoa, plurala eta orekatua” Non dago oreka? UPNk Nafarroan euskal telebista ikus ez dadin egindako salaketa orekaren bila egindakoa ote da? Zenbat komunikabide dugu –hauetako asko guztion dirutik ordainduak- erdaraz eta zenbat euskaraz?
UPNren politika antieuskalduna salatu nahi dugu, eta Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuari afera hau lehenbailehen konpon dezatela eta euskaraz telebista gehiago izan dezagun bidea jar dezatela eskatzen diegu.
Iruñean 2016ko maiatzaren 4an.
Iruñeko Euskalgintza.