“Eremu ez-euskalduna” deitutakoan, Nafarroara sartzean, kartel batzuek ongietorri egiten zuten 5 hizkuntzatan: Gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, alemanez eta italieraz. Ez, ordea, euskaraz. Nafarroako Gobernu berria hori aldatzen hasi da, eta euskaraz ere egiten digu ongietorri, baina, betiere, gaztelaniaz baino txikiago, atzerriko hizkuntzen tamaina berean. Kartela ere ez du osorik euskaratzen: “Reyno de Navarra” lema bere horretan uzten du, gaztelania hutsean. Eta hau ez da kasualitatea: Horrela du agindua Seinalizazio Turistikorako Eskuliburuan (36. orrialdean).
Pena da, behin egoera okerrak zuzentzen hasita, gauzak horrela egitea. Gainera, UPNren gobernua, boterea galdu aurretik, jadanik hasia zen berdin jokatzen. 2015eko martxoaren 29an, Logroñora doan autobiaren azken zatia inauguratu zenean, horrelakoxe kartela paratu zuen: “ongi etorri” hitzak ere jarri zituen, baina gaztelaniaz baino txikiago, eta “Reyno de Navarra” lema erdara hutsean utzi zuen.
Bestalde, Seinalizazio Turistikorako Eskuliburu horretan berean, agintzen da “eremu ez-euskaldunean” kartelak erdara hutsean egin behar direla (40. orrialdea).
Beraz, hauek dira Admistrazioan Euskaraz Taldearen eskaerak:
Batetik, ongietorria emateko karteletan euskarak gaztelaniaren tamaina bera izan dezala, eta “Nafarroako Erresuma” hitzak ere ager daitezela.
Bestetik, oraingo Seinalizazio Turistikorako Eskuliburua bertan behera utz dadila berehalakoan, eta euskara errespeta dadila.