Astelehenetako ”Zinez” saioarekin, zinea itzuli da ETB1-era.

Erabiltzailearen aurpegia adm.euskaraz.taldea 2016ko urt. 28a, 22:24
Zinea berriz izanen dugu ETB1ean. Astelehenetan, “Zinez” saioarekin.

ASTELEHENETAKO ”ZINEZ” SAIOAREKIN, ZINEA ITZULI DA ETB1-ERA.

 

Zinea berriz izanen dugu ETB1ean. Astelehenetan, “Zinez” saioarekin.

 

“Berria”-n iragarri dute. “Berria”-n agertutako albistea eta “ZuZeu”-n agerkari digitalean azaldutako iritzi kritikoa jarraian.

 

"Berria".

 

Larunbata, 2016ko urtarrilak 23a.

 

ETB1ek Euskal Herrian egindako filmak emango ditu urte osoan

 

Zinemaren leiho bat zabaldu dute 'Zinez' saioarekin

 

Datorren astelehenetik aurrera, atzerriko film bat ere emango dute astero

  

Urtzi Urkizu

 

ETB1en boladaka iristen da zinema. Egin izan dituzte zikloak. Eman izan dituzte pelikulak saio baten babesean. Eta izan dira aste luzeetako hutsuneak ere, euskarazko film bakar bat eman gabe. 2016. urtean astero ikusi ahalko da film bat ETB1en, Zinez saioan. Pelikula bakoitzaren aurretik, aurkezpen labur bat egiten du Fermin Etxegoienek. Urtarrilaren 4an hasi zen saioa, Lasa eta Zabala filmarekin, eta datozen hilabeteetan astelehenero emango dituzte pelikulak eta dokumentalak.

Datorren astelehenetik aurrera, gainera, saio bikoitza izango da: Lehenbizi, Euskal Herrian ekoitzitako lan bat izango da ikusgai, eta, gero, atzerriko zinta bat euskarara bikoiztuta. Etzi, Javier Rebollok eta Alvar Gordejuelak zuzendutako Txarribodaestreinatuko dute —euskaraz da jatorrizkoa—. Gero, Ben Affleckek zuzendutako eta protagonizatutako The Town (2010) emango dute.

Joselu Blanco ETBko programazio zuzendariak gogoratu du azkeneko urteetan Euskal Telebistak asko inbertitu duela zineman. «Badauzkagu hainbat film estreinatzeko, eta duen balioa eman nahi diogu hemen egiten den zinemari». Blancok iragarri du 2016. urte osoan mantendu nahi dutela Zinez saioa. Tartean izango dira telebistan aurrenekoz ikusiko diren pelikulak eta bigarren aldiz emango direnak —esate baterako, Loreak—. Programazio arduradunak azaldu duenez, litekeena da udan saioa asteko beste egun batean ematea. ETB1en aurten ikusi ahalko diren filmen artean, bestalde, Peio Cachenautek zuzendutako Xora dago, zubereraz egindako lehen pelikula.

Zinemak ETB1en ikusle datu apalak izan ditu beti. Saiakerak egin izan ditu ETBk, baina nabaria da ikusle asko bereganatzeko zailtasuna. Blancok uste du zinema euskaraz ikusteko ohitura faltak duela horretan eragina. «Baina ohitura falta ez da soilik telebistakoa, baizik eta filmen bizitza osoan. Euskal Herrian ez dago ohiturarik zinema aretoetan filmak euskaraz ikusteko. Telebistan euskaraz estreinatzen direnerako, jendeak gaztelaniazko ahotsak ditu buruan, eta zaila egiten da. Ikusleei kosta egiten zaie pelikula bat euskaraz ikustea».

ETBk badu bere ardura herritarrek zinema euskaraz ikusteko ohitura har dezaten. «Saiakerak mila izan dira, eta emaitzak ez dira inoiz onak izan», aitortu du Blancok. Haren irudikoz, ardura ez da bakarrik telebistarena. «Ziklo oso bat dago, eta gurea katearen azkeneko partea da. Aurreko etapetan euskarak ez badu espaziorik, azkenekoan oso zaila da arrakasta lortzea».

Urtarrilaren 13an, Fermin Etxegoienek BERRIAn esan zuen euskarri bakoitzean «beren-beregi» aztertu beharko litzatekeela zein den bultzatu beharreko itzulpen eta bikoizketa eredu linguistikoa. Blancoren iritziz, «oso txukunak» dira egiten diren euskarazko bikoizketak. «Baina erreferentetzat gaztelaniazko bikoizketa dugu, eta hori munduan dagoen onenetarikoa da».

Zinez saioan, fikzioaz aparte, Euskal Herrian egindako dokumentalak emango dituzte datozen hilabeteetan —aste honetan, adibidez, Aldana 1980. Isiltasun eztanda eman dute—. Programatuko dituzten dokumentalak «bereziak» izan beharko dutela adierazi du Blancok. Horietako bat Ander Iriarteren Echeverriatik Etxeberriara izango da.

 

“Zinema euskaraz ikusteko ohitura falta ez da soilik telebistakoa, baizik eta filmen ibilbide osoan gertatzen da”

 

Joselu Blanco

ETBko programazio zuzendaria

 

http://www.berria.eus/paperekoa/2142/029/002/2016-01-23/etb1ek_euskal_herrian_egindako_filmak_emango_ditu_urte_osoan.htm

 

'ZINEZ' SAIOKO FILMAK

 

Ez izan beldurrik

Camera obscura

Loreak

Umezurtzak

Hiru-60

Bypass

A escondidas

Mystikal

Mundu ia perfektua

Kronokrimenak

Estralurtarra

Open windows

Hondoratzea

Sexuak zoratuta

Valeria oinutsik

Casual day

Ezinezko hizkuntza

Xora

Eta zu nor zara?

La chanson du Roland

Alaba zintzoa

Pelota II

Nire aitaren etxea

Echevarriatik Etxeberriara

 

http://www.berria.eus/paperekoa/2246/029/2142/2016-01-23/zinez_saioko_filmak.htm

 

http://zuzeu.eus/kultura/euskal-herriko-zinerik-onena-etb1en/

 

Euskal Herriko zinerik onena ETB1en…

 

2016-01-25 19:14

 

Naparroan

  

“ETB1ek Euskal Herrian egindako filmak emango ditu urte osoan” zioen Berriako artikulu batek joan den larunbatean. Txalotzeko modukoa da. Hala ere, euskarazko filmek ETBn izan duten presentzia edo absentzia ezagututa, zilegi da mesfidatia izatea. Hona hemen, beraz, galdera edo susmo batzuk:

 

-Zergatik dira ETB1eko film gehienak Euskal Herrian edo Espainian eginak eta ETB2koak Espainiako estatutik kanpokoak? ETB1ekoak ematea merkeagoa da? Beharbada ETBk horien produkzioan parte hartu duelako?

 

-Zergatik dira ETB1eko film gehienak gaztelaniatik itzuliak (merkeagoa da, beste hizkuntzetatik itzultzea baino)?

 

Badu horrek zentzurik? Euskaldun gehienek jatorrizko bertsioa uler badezakegu? Ez litzateke hobea beste hizkuntza batzuetatik itzuliak edo euskaraz filmatuak izatea denak?

 

-Astean bi film emanen dituzte ETB1en, bata bestearen atzetik. Adibidez, gaur The Town emanen dute 23:55ean. Astelehen batean, 23:55ean. Zertarako? Ikuslerik ez izateko?

 

-ETBk ematen dituen film gehien-gehien-gehienak gaztelaniaz dira (ETB2n). Zergatik? Espainiako kate guztiek ematen dute zerbitzu hori. Zergatik ez ditu ETBk film eta serie guztiak euskaraz ematen?

 

Hona hemen Zinez saioan emanen diren filmak

 

Ez izan beldurrik (Gaztelaniaz filmatua)

Camera obscura (Gaztelaniaz filmatua)

Loreak (Euskaraz filmatua)

Umezurtzak (Euskaraz filmatua)

Loreak (Euskaraz filmatua)

Hiru 60 (Gaztelaniaz filmatua)

Bypass (Euskaraz filmatua)

A escondidas (Gaztelaniaz filmatua)

Mystikal (Euskaraz filmatua)

Mundu ia perfektua (Gaztelaniaz filmatua)

Kronokrimenak (Gaztelaniaz filmatua)

Estralurtarra (Gaztelaniaz filmatua)

Open Windows (Ingelesez filmatua)

Hondoratzea (Gaztelaniaz, Banbaraz eta frantsesez filmatua)

Sexuak zoratuta (Gaztelaniaz filmatua)

Valeria oinutsik (Gaztelaniaz filmatua)

Casual day (Gaztelaniaz filmatua)

Ezinezko hizkuntza (Gaztelaniaz filmatua)

Xora (Euskaraz filmatua

Eta zu nor zara? (Gaztelaniaz filmatua)

La Chanson de Roland (Frantsesez filmatua)

Alaba zintzoa (Euskaraz filmatua)

Pelota II (?)

Nire aitaren etxea (Gaztelaniaz filmatua)

Echeverríatik Etxeberriara (Euskaraz filmatua)

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!