San Pedroko Liburutegiak baditu kartel elebidunak, baina, hala ere, Administrazioan Euskaraz taldeak salatu nahi du afera honen bukaera.
Liburutegi publikoaren eskumena udalena da. Horrexegatik, Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantza aplikatu behar da afera honetan. Hala ere, lankidetza hitzarmen baten bidez, Nafarroako Gobernuak kudeatzen du.
2013ko udan liburutegia berritu zuten eta orduan jarri zituzten kartel berriak gaztelania hutsean. Ordurako, Euskararen Ordenantzak elebitasuna ezarri ondoren 15 urte igaroak ziren. Gaztelerazko eta euskarazko testuetan berdintasuna arautu ostean urte bat iragana zen.
Helegite baten aurrean, Nafarroako Administrazio Auzitegiak Iruñeko Udala behartu zuen kartelak elebidun jartzera.
Kartel handi gehienak eta kartel txiki batzuk elebidun zeuden 2015eko maiatzean, baina ez denak. 2015eko ekainaren 3an Nafarroako Administrazio Auzitegiak hilabeteko epea eman zuen kartel guztiak elebidun jartzeko.
Dagoeneko agindua beteta dago, baina ez behar bezala, liburutegiak funtzionamendu logikoaren arabera jardun behar baitu.
Haurren eremuak adierazten zituzten hormetako letrero handiak desagertu dira. Liburuak sailkatzeko letrero txiki guztiak ere bai. Geratzen diren kartelak elebidun daude, baina, funtzionamenduaren kaltetan bada ere, nahiago izan dute letrero asko kendu, elebidun jarri beharrean. Are gehiago, ordurako jarrita zeuden kartel elebidun batzuk kendu dituzte, umeen kasketaldien moduko erakustaldian.
Nahi den liburua aurkitzea zailagoa bada, hor konpon! Lehentasuna euskara ahalik eta gutxien agertzea izan da.
UPNren filosofia bizirik dagoela agerian jarzen duen gertaera hori ezin zaio Nafarroako Gobernu berriari leporatu. Geroxeago hartu zuen boterea. Hala ere, inkongruentzia hor dago eta euskara erabiltzeko irizpide batzuen beharra azalarazten du. Irizpideak, jakina, arau zehatzetan finkatuak.
Nafarroako Gobernu berriak badu, beraz, erronka.