GOBERNU BERRIAREKIN, EREMU MISTOAN INFORMAZIOA GAZTELANIA HUTSEAN
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak zenbait argibide bidali zizkien Nafarroako administrazioetako langile batzuei, 2015eko maiatzean. Han azaltzen zen nola igaroko ziren Nafarroako Administrazio Publikoen montepioetako langileak Osasun Sistema Nazionalera. Eremu mistoan behintzat erdara hutsean eman zuen informazio hori. Erreklamazioa egin ondoren, hauxe izan da Nafarroako Gobernuaren erantzuna, abuztuaren 17an, jadanik Gobernu berria dugula: Eremu mistoan bizi diren erabiltzaileei edo pazienteei komunikazio pertsonalak ez zaizkiela euskaraz bidali behar.
Zaharrak berri. UPNren gobernuen ohitura txarrak oraindik ez dira desagertu gobernu aldaketarekin.
Aurretik antzeko afera izan zuten mahai gainean bai Nafarroako Gobernuak bai Nafarroako Arartekoak.
2014ko abenduan, eremu mistoan, Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren informazioa (PADI izeneko programa) erdara hutsean banatu zuen Nafarroako Gobernuak.
Haginlarien zerrenda ere erantsi zuen, horietako bat aukeratzeko, baina adierazi gabe nortzuk diren euskaldunak. Beraz, nola aukera daiteke zerbitzu hori euskaraz hartzea?
Nafarroako Gobernuaren orain arteko ohitura hori izan da: Eremu mistoan informazioa gaztelania hutsean banatzea, euskaldunok kontuan izan gabe.
Nafarroako Arartekoak gai honen gaineko kexa bati erantzun zion 2015eko maiatzaren 7an.
Nafarroako Gobernuari egindako gomendioak hauexek izan ziren: Eremu mistoan, hiritarrek horrela eskatzen badute, informazioa euskaraz eta gazteleraz ematea; hiritarrek eskatzen badute, haginlari euskaldunei buruzko informazioa ematea, informazio hori baldin badu Nafarroako Gobernuak.
Motz geratu zen Arartekoa, euskaldunoi horrelako eskaerak egiteko betebeharra jarri zigulako, erdaldunek ez dutenean. Hala ere, are motzago geratu da Nafarroako Gobernu berria montepioei buruzko informazioa euskaraz bidaltzeko prest agertu ez denean.