2015eko urtarrilaren 13an, otsailaren 10ean eta otsailaren 19an, 3 deialdi atera zituen Nafarroako Gobernuak: Suhiltzaileen gidari laguntzaileen eta suhiltzaile peoi laguntzaileen zerrendak osatzeko, haurren hezitzaile lanpostuen zerrendak egiteko eta mendi-ingeniarien zerrendak osatzeko.
Hiru deialdiek ezaugarri berbera daukate: Ez dute euskara ezertarako kontuan hartzen.
Suhiltzaileen kasuan jakinekoa da Nafarroako Euskararen Legeak ezarri zituen 3 eremuetan ari daitezkeela. Beraz, eremu mistoan eta euskaldunean ere bai. Merezimenduak baloratzen dira (laneko esperientzia), baina euskara jakitea ez. Hau da, 55/2009 Foru Dekretua urratu du deialdiak. Dekretu horren arabera, eremu mistoan merezimenduen puntuetatik % 3ko balioa eman behar zaio euskarari eta eremu euskaldunean % 6koa. Zertarako egin zuen Dekretu hori Nafarroako Gobernuak?
Haurren hezitzaileen kasuan, zerrendekin Nafarroako Gobernuaren Haur Eskoletan lanpostuak beteko dira. Corellan badu bat, Burlatan beste bat eta Iruñean bost. Euskarazko Haur Eskolen eskaera gero eta nabariagoa da, baina hala ere zerbitzua gaztelania hutsean emateko hautu garbia egin du Nafarroako Gobernuak zerrenda hauen bidez. Zerbait azpimarratzekotan, “Nuestra Señora de los Angeles” Alde Zaharreko Haur Eskolaren egoera azpimarratuko genuke. Auzoko bakarra izanik, gaztelania hutsezko zerbitzua eskaintzen du, nahiz eta auzo hori euskarazko eskaera gehien duen bigarrena izan, Iruñeko Euskalgintzak 2014an bildutako eskaeren arabera (lehenengoa Arrotxapea izan zen eta dagoeneko euskarazko haur eskola lortu du). Zertarako aurreikusi ziren irakaskuntzan euskarazko adarrak eremu mistoan?
Mendi-ingeniarien kasuan ez dago garbi non kokatuko diren lanpostuak, baina postu batzuk eremu euskaldunean egotea ez litzateke harritzekoa izanen. Eremu euskaldunean euskara jakitea gutxienez meritu moduan puntuatu beharra dago. Zertarako jarri zituen eremuak Nafarroako Euskararen Legeak?
Hauxe da ondorioa: Nafarroako Gobernuak lanpostuak Nafarroa osorako ateratzen dituenez, hizkuntz eremuak alboratzen ditu. Hau poza! Euskalgintzaren aspaldiko aldarrikapena. Arazoa da hizkuntz eremuak alboratuta, Nafarroa osoa eremu “ez euskalduna” bihurtzen duela.
Nafarroako Euskararen Lege ziztrin hori bere apurrean baliagarria izan zitekeen hein batean. Zoritxarrez, horretarako ere, bestelako Nafarroako Gobernua beharko genuke. Honekin jai daukagu!