“Paseo 25 de noviembre – Azaroaren 25aren Pasealekua”. Horrela idatzita daude dagoeneko pasealekuko horren bi kartelak.
Nafarroako Administrazio Auzitegiak, 2015eko otsaileko 5eko Probidentzia batean, 10 eguneko epea eman zion Iruñeko Udalari, 2014ko abuztuaren 21eko Ebazpena betetzeko.
Aurretik, hiritar helegileak exekuzioa eskatu zuen eta Iruñeko Udalak erantzun zuen ez zuela elebidun jarriko, Administrazioarekiko Auzien Epaitegian Ebazpena errekurrituta duelako.
Administrazio-egintzak betebeharrekoak direla gogoratu dio Nafarroako Administrazio Auzitegiak (Nafarroako Gobernuaren organoa da, epaileen funtzioen antzekoak eduki arren, udalen egintza administratiboen kontrola egiten baitu).
Iruñeko Udalak errekurtsoa aurkezteak ez dakar berarekin aurkaratutako egintzaren etendura: Horixe oroitarazi dio Nafarroako Administrazio Auzitegiak Iruñeko Udalari.
Azkenean Iruñeko Udalak amore eman du eta bi kartelak elebidun jarri ditu.
Hori bai, Administrazioarekiko Auzien Epaitegian borrokatzen segituko du, kartelak gaztelania hutsean berriz paratzeko.
Iruñeko Udalaren tesia: Pasealekuaren izen propioa “25 de noviembre” omen da eta izen propioak ez dira itzultzen; alkatearen eskumena da kaleei izena ematea, eta, gaztelania hutsean jartzen badu, kalearen izen propioa gaztelaniazko izen hori da eta ez dago itzultzerik.
Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantzak dio karrikaren izenak elebidun jarri behar direla, baina UPNren arabera, alkateak berrizenda ditzake kale guztiak eta gaztelania hutsean ipini.
Administrazioarekiko Auzien epaileak erabakiko du. Dena den, dagoeneko “Martxoaren 25” pasealekuko plakak elebidun daude.