Sindikatu larrua duen funtzionario elkarte batek asmo txarrez egindako helegitearen bitartez azken lan eskaintza publikoan esleitutako 100 irakasleren lanpostu airean daude. Bide malkartsuaren ondoren, amildegiaren hegia ikusi dute langile hauek. Ezin dugu ahaztu beste hainbatekin batera – alderdi politiko, sindikatu eta elkarterekin batera- ahalegin guztiak egin zituztela Nafarroan euskara ez dakiten irakasleek euren pribilegioak ez galtzearren.
Sindikatu larru azpitik harroxko mintzatu dira, eta epaia betetzeko eskaera luzatzeko asmorik ez dutela esan berri dute. Auskalo. Haratago jo dute: Gobernuak helegitea jarriz gero, arriskua handituko omen da, eta negoziatzea nahi dute. Negoziatu? Pribilegioak mantentzeko konpromisoa nahi ote dute? Mendoza ez da oraindik ausartu pribilegioei agur esaten. Mendozaren burua nahi dute. Gobernua bera ere hesiturik dutelakoan daude.
Mendozarekiko enpatia sentitu dut momentu batez, eta lehenengo aldia izan da. Baina, bereziki, nazka sentitu dut oposizioaren adierazpenak ezagututa eta elkarte honen xantaiaren estrategia ikusita.