Egun on,
Duela egun batzuk, Nafarroako idazle talde batek, Euskaltzaindiaren babespean, “Euskal Literatura Nafarroan (1975-2025)” izeneko jardunaldiak antolatu zituen Iruñean. Elkarretaratzeak helburu argi bat zuen: Nafarroan literatura euskaraz egiten dela erakustea. Harrigarria badirudi ere, egon baitago gure artean euskarazko literaturaren berririk ez duenik, edo gutxiesten duenik, edo anekdotatzat hartzen duenik.
Kezka horrek behartuak, eta duela kasik bostehun urte Bernat Etxepare nafarra “Linguae vasconum primitia” argitaratzera eraman zuen arrazoi berak bultzatuak, idazle horiek jakitera eman nahi izan dute Nafarroan idazle euskaldunak badaudela, euskal literatura emankor eta zabala badagoela, eta kalitate oneko liburuak argitaratzen direla: olerkia, eleberri eta saiakera diziplinetan, gainera.
Erran bezala, jardunaldiak antolatu ziren: Koldo Izagirreren hitzaldi sakon bat, hiru belaunalditako idazleen mahaingurua, eta olerki emanaldi eder bat musikaz lagundua, hiru saioak Iruñeko bihotzean eskainiak.
Baina anekdota bat aipatu nahi nuke: hitzaldietarako aldi bereko itzulpen sistema atondu zen, pentsatua erdaldun batzuk ere interesatuak egonen zirela gaian, eta litekeena zela Gobernuko norbait agertzea, agian euskaraz ez lekikena. Gaitzerdi; itzulpen zerbitzua ez zen beharrezkoa izan erdaldunik ez zelako agertu, eta Euskarabideako lagun nekaezinez landa, inor gehiago ez baitzen presentatu erakunde ofizialen ordezkari.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!