Ez dakit zein haize-boladak jo duen azkenaldian, baina badaukat inpresioa ezkortasunean erortzeko gure gaitasunean fin ibili garela. Apokalipsirako arrazoiak soberan daude, Palestinatik hasi, larrialdi ekologikoari begiratu edo munduari buelta azkar bat emanda.
Errazagoa da munduaren amaiera imajinatzea kapitalismoarena baino. Eta, are, gehiegitan entzun behar izaten dugu ameslariok hori besterik ez garela, “kimera” batzuetan sinesten dutenak besterik ez, garai gogorrak direla, datozela eta okerrerago joanen garela.
Ez zaie arrazoirik faltako, seguru aski.
Baina nago, munduari horrela -soilik- begiratzeak edozein proposamen emantzipatzaileri ateak ixten dizkiola: ezin da, beraz, ez naiz mugituko. Ezin da, beraz, ihesbide hau hartuko dut. Ezin da, beraz, daukadana defendatuko dut, ez besterik.
Ni-aren menpeko eta irtenbide kolektiborik gabe. Defentsiba hutsean. Ez dakit apustu eraginkorrena den. Esperantza diziplina bat dela esan zigun Angela Davisek duela gutxi; zaila izanen da akaso, baina lezio horrek emantzipatzioa gidatzea askoz eraginkorragoa egiten zait.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!