Egun on:
Mikel Reparazen “Amerikaren Arrakalak” saiakera bukatu berri dut eta, irakurketaren plazeraz gozatzeaz landa, aitortu behar dut estatubatuarren jokaera politikoa ulertzeko gako batzuk deskubritu ditudala liburua irakurri ahala. Egilea kazetari iaioa da geopolitika gaietan, eta Estatu Batuetako mugimenduak ezagutzen ditu lehen eskutik. Horrek, besteak beste, Tramp-en presidentzia ustez eroa konprenitzeko argibide bihurtzen du testua.
Tesi nagusia da supremazismoaren ideologia nazio amerikarraren erraietan errotuta dagoela bere independentziaren akta sinatu zen unetik gaur egunera arte. Horrek erran nahi du gizon zuri anglosaxoia eta maila sozial altukoa beste edozein gizakiren gainetik dagoela defendatzen dutela estatubatuarrek praktikan, nahiz itxuran disimulatu. Haien ordenamendu legalak batzuetan kontrakoa dioen arren, ezkutuko mekanismo eraginkorrak landu dituzte printzipio horri iraupena emateko, botere-hariak demokrazia eredu gisa aurkezten den sistema batean ongi kukutuak betiere.
Batzuetan pentsatzen dugu eskuin muturra modan dagoen beste mugimendu bat dela, eta munduan zabaltzen ari den ideologia supremazista hori anekdota gisa iraganen dela lehen ala geroago. Nik uste dut ezetz, egon beti egon dela, batzuetan ageriago eta besteetan ezkutuago, baina beti gure sistema ekonomiko eta politikoa kontrol pean duela begiratzen. Orain, mundu gerren arteko sasoian bezala, mozorroa kendu, besterik ez du egin.